Surfa, parkinga, botika... dena sakelan
Ezagunenak diren iPhone telefonoek eta Android sistema darabilten tresna aurreratuek dauzkate aplikazio edo programa txiki horiek erabiltzeko aukera eta gaitasuna. Maiz doakoak dira, eta jartzeko errazak.
Android sistema darabilten telefonoetarako programatxo hauek Googleplay.com gunean biltzen dira, eta Donostiarekin zerikusi zuzena duten hamaika aplikazio daude bertan. Horien artean, azken bolada honetan zabalduriko dBizi eta dParking. Biek ala biek unean-uneko informazioa ematen dute; lehenak udalaren alokairuko bizikleta zerbitzuaren inguruan, eta bigarrenak parking sareari buruzkoa.
Aparkalekuak non dauden, bertan zenbat kotxerentzako toki dauden, eta baita horietatik zenbat dauden libre esaten du dParking aplikazioak. Era berean, tarifei buruzko informazioa ematen du, eta ordainketaren zenbatekoa kalkula dezake, denbora adierazita. Antzeko zerbitzuak eskaintzen ditu dBizi izeneko programak.
Donostiako hiri autobusen inguruko informazioa ematen duten bi programatxo daude: Donosti Bus, bata; eta Urban Step Donostia, bestea. Bi horiei Lurraldebus izenekoa gehitu behar zaie. Azkenekoak, hiriari buruzkoa ez ezik, Gipuzkoa osoko informazioa ere ematen du. Espero daitekeen moduan hiru programek autobus lineen ordutegiak eta informazio orokorra ematen dituzte, baina aurreneko biek, GPS sistemaren bidez, gertueneko geltokia non dagoen adierazten dute.
Mapa soilak baino gehiago Badaude, bestalde, informazio berezituagoa ematen duten beste aplikazio batzuk ere, besteak beste, Euskadi costa y olas izenekoa. Kasu honetan, surflariei zuzenduriko programatxoa da, eta kirol horretan aritzeko guneen inguruko informazioa ematen du. Bizkaia eta Gipuzkoako hondartzak hartzen ditu kontuan, eta Donostian, surferako hiru guneren berri ematen du: Zurriola hondartzako bi eta Ondarretako beste bat.
Ez da, ordea, mapa soila. Izan ere, itsasaldien ordutegia eta altuera, eguraldi iragarpena, edo haizearen norabidea eta indarra bezalakoak biltzen baititu. Hondartza guneen unean uneko irudiak ere erakutsiko ditu programatxoa jarrita duen sakelako telefonoak.
Hiriaren argazkiak biltzen dituen beste programa bat Donostia Turismoarena da. Aplikazio honek, batez ere, ostalaritza eskaintzaren, hiriko museoen eta ibilbide turistikoen berri ematen du, horiek guztiak mapetan kokatuta.
Era berean, badaude beste programa bitxiago batzuk. Gipuzkoako botikarien elkarteak, esaterako, farmazien zerrenda ez ezik, beraien kokapena ere adierazten duen aplikazioa osatu du, eta iazko Aste Nagusiaren programa ere aurki daiteke hauen artean. Pentsatzekoa da aurten ere horrelako zerbait prestatuko dutela, gero eta gehiago direlako informazioa modu horretan ematea aukeratzen duten enpresa eta erakundeak.

