Gordetzen duen altxorra ezagutarazteko txokoa du Uliak
Larunbatean irekiko ditu ateak Interpretazio Zentroak; asteartetik igandera egongo da zabalik abuztuan
Juan Karlos Izagirre alkatearen arabera, «leku bizi, ireki eta dinamikoa» izango da
Zaindu eta maitatu, ondo ezagutzen den hori egiten dela esaten dute eta Uliako Interpretazio Zentroak helburu hori du: Uliako habitat eta aberastasunak ezagutzera eman, bertako nahiz bisitariak hiriak altxor txiki bat duela ohar daitezen. Basollua askaldegiaren ondoan zegoen irrati etxeak bestelako uhinak zabalduko ditu orain, labarretan eztanda egiten duten olatuena, txioka bertan bizi edo negua igarotzera hurbiltzen diren txoriena edo udazkenean beren jantzia eranzten duten zuhaitzena. Uliako Interpretazio Zentroak mendia eta itsasoa «sakon eta bertatik bertara» ezagutzeko aukera eskainiko duela plazaratu du Juan Karlos Izagirre alkateak.
Natur eremuan murgiltzeko gogoz direnek, hortaz, larunbatetik aurrera izango dute Uliako Interpretazio Zentroa bisitatzeko aukera, orduan irekiko dituelako ateak. Abuztuan, asteartetik igandera egongo da zabalik, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.
Ez da oso leku handia baina hamaika sekretu eta bitxikeri gordetzeko adina leku badu. Zentroaren erdigunea erakusketa iraunkor batek betetzen du. Ingurune fisikoa nolakoa den eta Ulia biziz betetzen duten landare eta animaliak zeintzuk diren ezagutzeko hainbat informazio taula eta jolas prestatu dituzte.
Txiki Txokoa
Hala nola, baleak ikuskatzeko Ulian dauden talaiak irudikatu dituzte, landareak sailkatzeko koaderno handi bat egin dute eta sei hegazti espezieren itxura nolakoa den, zer jaten duten edo txio nola egiten duten ezagutzeko horma irudi bat osatu dute. Paretetako batean, halaber, historian zehar paisaiak izan duen eraldaketa buruan irudikatzeko tresna eta irudiak jarri dituzte. Kantauri itsasoko labar eta ekosisteman murgiltzeko, berriz, pantaila batzuk jarri dituzte. Umeak asper ez daitezen, puzzle desberdin eta arbela batez osatutako Txiki Txoko izeneko eremu bat egokitu dute, halaber.
Interpretazio Zentroa hirian ingurumena zaindu eta iraunkortasunaren alde ekimenak prestatzen eskarmentua duen Cristina Enea Fundazioak kudeatuko du. Ardura berea izango da baina partaidetza nagusi izango dela azpimarratu du alkateak, kultur eragile, talde ekologista eta herritar elkarteek beren ekarpena egiteko aukera izango dutelako. «Umil hasi den proiektua denborarekin garatzen joango da; landareak bezala, poliki haziko da, baina sendo», adierazi du Izagirrek.
Interpretazio Zentroa, honenbestez, «leku bizi, ireki eta dinamikoa» izango da, alkatearen ustez. Herritarren joan-etorria eta topaketa sustatzeko, hitzaldiak antolatzeko erabilera anitzeko gela bat atondu dute. Tailer didaktikoetarako beste gela bat prestatu dute eta dokumentazio gune bat. Datorren ikasturtetik aurrera, beraz, Cristina Enea Fundazioko arduradunek zer antolatuko adi egon beharko da. Hernendezek aipatu duenez, beste hainbat ekimenen artean, bisita gidatuak egingo dituzte mendiko hainbat bazterretatik.
Zuhaitzak eta haren enborretan bizi diren hegazti eta beste animalia batzuk nola hazten diren ikusteko, terraza eder bat du Interpretazio Zentroak. Cristina Eneako zuzendariak Txema Hernandezek habi kutxak eta animaliak erakartzeko askatxoak jarriko dituztela azaldu du. Leihoaren beste aldetik, beraz, animaliak zertan ari diren kuxkuxean ibiltzeko aukera egongo da.
Animaliak hazten ikusteaz gain, sasoiko barazki eta frutak sailkatu eta nola ernatzen diren ikusi eta ikasteko aukera eskainiko dute, irrati etxea izandakoaren alboan jarri duten baratze ekologikoan.
Baratzean zein barruko geletan, iraunkortasun irizpideak izan dira nagusi Interpretazio Zentroa atontzerakoan. Hala, soroa hainbat konpostagailu eta ura birziklatzeko sistemaz dago hornituta. Etxe barruko altzariak egiteko zakarretara bidean ziren egurrezko paletak erabili dituzte. Kuxinak egiteko, era berean, Kubo Aretoak utzitako banderolak aprobetxatu dituzte.