San Inaziok lau eguneko jaiak utziko ditu Loiolan, larunbatean hasita
Ostiralean iritsiko da jai giroa Loiolara, izan ere, Gazta zati bat filmaren emanaldia baino lehenago festetako kuadrillek kalea hartuko baitute festen bezperan. Txupinazoa, berriz, larunbatean botako dute, eguerdian. Horrek astearte gauerdira arte iraungo duen jaien ekitaldi segidari emango dio hasiera ofiziala. Ez dira faltako, noski, atari zabaleko pintura lehiaketa eta folklore jaialdia bezalako klasikoak.
Jaietan egoteak, ordea, ez du ekarri Loiolako Jai Batzordeak behar handiena dutenak ahaztea, eta kontzertu solidarioa antolatu du, Berpiztu elkartearekin batera. Itaka Band, Los Zopilotes Txirriaos eta Mikeltxi DJ-a bilduko dituen emanaldia janaritan ordaindu beharko da; hau da, sarrerak kilo bat janari kostatuko du. Antolatzaileek esan dutenez, «arroz kilo bat, esne litro bat… ahal dena. Festak diren arren ez baitugu ahaztu behar benetan gaizki dagoen jende asko dagoela».
Jai batzordeko kideek gogorarazi nahi izan dute Berpiztu elkarteak, urtean zehar ere, asteazkenero banatzen duela janaria auzoan.
