Ugaitz Elizaran eta Urko Aierbe aske geldituko dira bermepean
Guardia Zibilak 2010eko irailaren 14an atxilotu zituen, Ekineko kide izatea leporatuta
Ugaitz Elizaran intxaurrondotarra eta Urko Aierbe egiatarra aske utziko dituzte, 5.000 eta 9.000 euroko bermea ordainduta. Javier Gomez Bermudez Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak bermepean libre utzi ditu.
Ekin erakundearekin lotuta, Guardia Zibilak 2010eko irailaren 14an atxilotu zituzten bi donostiarrak. Atxiloketaren ondoren bi urte eman dituzte espetxean epaiketaren zain. «Ekineko kide izanda ETAren komisario politiko izatea» leporatu zieten atxilotu zituztenean. Fernando Grande-Marlaska Auzitegi Nazionaleko epaileak agindu zuen operazioa.
Urko Aierbe Egian atxiki zuten, gurasoen etxean. Auzoan hainbat taldek egoitza duten gaztelekua ere miatu zuten. Besteak beste, Aitor ikastolakoak eta Ttan Ttakun irratikoak biltzen dira han, baina Guardia Zibilak itxi egin zuen gazteleku osoa, eta irratiaren emisioa moztu.
Intxaurrondon atxilotu zuten Ugaitz Elizaran. Guardia Zibilek etxea miatzeko beharrezko agindua ez zutela eta, liskarrak izan zituzten, eta, hori eskuratu artean, Zulo Zahar elkartea miatu zuten.