Santio egunarekin batera hasi dira jaiak, eta San Inazio eguna arte luzatuko dira. Tradizioari eutsiz, soka-dantza izan da lehen eguneko ekimen nagusia.

Santio eguneko meza amaitzearekin batera, eta Udaleko Txistulari Taldeak lagunduta, jai giroa piztu zen. (Argazkia: Maitane Aldanondo)
Uztaila bukaeran elkartzen diren bi santuek egituratu ohi dituzten Zubietako herri jaiak. Atzo Santio egunarekin batera hasi ziren, eta ia astebetez luzatuta, San Inazio egunarekin batera amaituko dira. Zubietarrek bi gauza bakarrik bota zituzten faltan jaiaren egun berezienean: jendea eta itzala.
Festazaleek markatuta izan arren, aurten uztailaren 25a ez zen egutegian gorriz ageri. Ondorioz, goizean, ohi baino jende gutxixeago zebilela nabaritu zuten. Eguraldiak bat egin zuen festazaleekin eta egun eguzkitsua eskaini zien. Frontoi inguruan estalitako txokorik ez da,eta itzaletan daudenak laster bete ziren. Beroa arintzeko, apaingarri gisa jarritako errausketaren aurkako haize erroten irudiek bira egin, eta freskotasun pixka bat ekartzea eskertuko zukeen askok. Hori, dena den, ez zen jai giroarentzat oztopo izan.
Udaleko Txistulari Taldeak protagonismo berezia izan zuen goizeko egitarauan. Hauen doinuekin batera prestatu ziren zubietarrak festarako. Zortziko eta biribilketekin batera, lehen suziriak ere entzun ziren. Mezara joan ziren fededunei agurra egin, eta ondoren, atseden hartzeko tartea izan zuten txistilariek. Batzuk otoitzean zebiltzan bitartean; kanpoan, haurrak jolasean zebiltzan. Musika emanaldietarako oholtza jolastoki bilakatu zuten batzuek; eta beste batzuk, suziriak nola prestatzen zituzten ikustea nahiago izan zuten. Gazteek berriz, hamaiketakorako mahaiekin eta jakiekin lanpetuta ibili ziren.
«Inguru politena»
Mezaren amaiera ordua hurbilduz joan ahala, jendea eliza atarira bertaratzen joan zen. Txistularien lehen abestiaren hotsa isiltzearekin batera, txupinazoa egin zuten. Jose Inazio Ansorenak Altxorraren bila jolasaren aldaera batean –pertsonak aurkitu behar zituzten, aztarnak beharrean– murgildurik zebiltzan haurrak gonbidatu zituen dantzara, baina hauek lanpetuegi zebiltzan batetik bestera korrikan. Hamaiketakoa egin eta dantza ikusi nahi zutenek, berriz, frontoiko bidea hartu zuten. Jai batzordeko Josu Alkortak argitu zuenez, “herriko guztiak gonbidatu ohi ditugu. Salda, haragi egosia eta txorizoa ematen diegu”.
Zuhaitzen azpian jarritako mahaien bueltan esertzea erabaki zutenak, nagusiki, adinekoak ziren. Nahiz eta hauen eguna igandean izan, atzoko soka-dantza, hein batean, beraientzat egin zuten. “Eskertzekoa da jubilatuak etortzea. Beti erantzuten dute, eta hauen ohorez eta omenez ere egiten dugu dantza”, argitu zuen Alazne Olaizolak. Zubietarrak gogotsu aritu zen soka-dantzan, beste zortzi lagunekin batera. Parte hartzen duen bigarren urtea da, eta oso berezia dela aitortu zuen. “Denak herritarrak gara, soka-dantza dantzatzeko elkartzen gara, tradizioari jarraipena emateko. Horrelako eguraldiarekin, Santio eguna izanda, eta plaza honetan… Hau da inguru politena. Zoragarria da hemen dantzatzea”. Festen hasiera baino ez zen izan hori. Uztailak agur esan arte Zubietan jai giroa izango da nagusi.
Uztailak agur esan arte Zubietan jai giroa izango da nagusi.
EGITARAUA
GAUR, OSTEGUNA 26
- 06:00. Oilasko biltzaileen irteera, Uxue eta Lierni trikitilariekin.
- 14:00. Oilasko biltzaileen itzulera eta azken dantza.
- Goiz guztian musika.
BIHAR, OSTIRALA 27
- 10:00. Jokoen hasiera.
- 14:00. Bazkaria (bakoitzak berea).
- 16:00. Jolasen jarraipena.
- 18:30. Txokolate jatea. Ondoren, buruhandiak.
- 21:00. Herri afaria.
- 00:00. Erromeria Itzartu eta Ingo aldeu? taldeekin.
ETZI, LARUNBATA 28
- 12:00. Herri kirolak. Zubieta Vs. Zabaleta. (Lokotxa biltzea, trontza, korrika, arto aletzea, txinga, sagar biltzea eta zaku karrera).
- 17:00. Bizikleta lasterketa. Ondoren, pottokan ibiltzeko aukera, eta sardin nahiz piper jatea.
- 23:00. Triki-Rock jaia: The Garax, Desegin eta Laiotz.
UZTAILAK 29, IGANDEA
- 09:30. Meza.
- 11:00. Gaztetxoen antzerkia.
- 12:00. Kantu jira Usurbilgo kuadrillarekin.
- 14:00. Jubilatuen bazkaria.
- 16:00. Dantzaldi musikatua.
- 18:00. Gorriti Show-a. Ondoren, buruhandiak.
- 22:30. Herri antzerkia.
UZTAILAK 30, ASTELEHENA
- 00:00. Kontzertuak: Oihan Vega eta Gozategi, goizalderarte.
UZTAILAK 31, ASTEARTEA
- 09:00. Zikiro prestaketaren hasiera.
- 09:30. Meza.
- 11:00. Errebote partida.
- 14:00. Zikiro jana.
- 18:00. Aizkolariak: Arantz Mugerza eta Irazu. Harri jasotzailea: Landarbide. Ondoren, Trikihots taldearekin erromeria, plazan.
- 00:00. Jaien amaiera, traka, suziriak eta zezen suzkoa.