Miguel Santos, Alvaro Bilbao eta Gorka Ramoneda izan dira prentsaurrekoan (Argazkia: Estitxu Zabala)
Gipuzkoako Foru Aldundiak orain arte kirol profesionalari emandako diru-laguntzak moztuko ditu
Alvaro Bilbao Lagun Aro GBCko presidenteak jakinarazi du klubaren egoera oso larria dela, gaur goizean emandako prentsaurrekoan: “Aldundiak duela hiru egun esan zigun 2012-2013 denboraldirako klubari eman beharreko diru-laguntza jaitsiko zuela 1’2tik 0,5 milioi eurora; eta 2013-2014 denboraldian ez du dirurik emango. Horrekin, argi utzi digute, ez dutela politikoki Gipuzkoako kirol profesionala laguntzen jarraituko. Beraz, klubaren etorkizuna arriskuan dago”, azaldu du Bilbaok. Aldaketak egiteko denborarik ez izatea izan da Bilbaoren kexa nagusia. “Erabaki honen berri maiatzean eman baligute, ez genuke horrela jokatuko. Bazekiten jokalariak kontratatzen ari ginela, eta datorren denboraldiari begira mugimenduak egiten ari ginela”, gehitu du Bilbaok. Presidenteak argi utzi du, GBCk bere jardueraren bidez aldundiak ematen dioena baino diru sarrera gehiago sortzen dizkiola probintziari. Hori dela eta, GBCk ezingo du kantxan irabazitako Europako lehiarako txartela erabili, egun daukan aurrekontuarekin ezingo baitie gastu horiei aurre egin. Egoera aldatzeko azken aukera, aldundiak erabakia berriro pentsatzea da, iritziz aldatzea espero baitu Bilbaok. Azaldutakoaren arabera, aldundiak Gipuzkoako kirolari ez profesionalentzako bideratu nahi ditu diru laguntzak, horiei garrantzia gehiago emanaz. Bukatzeko, GBCko zaleei deia egin die Bilbaok, sekula baino gehiago taldearekin egon daitezen; “Gugandik gertu behar zaituztegu, eta ziur egon ez dizuegula hutsik egingo”.
Miguel Santos, hunkituta
Alvaro Bilbaorekin batera, Gorka Ramoneda eta Miguel Santos GBCko presidente ohiak egon dira goizeko agerraldian. Biek ere euren iritzia eman dute, eta larrituak daudela onartu dute. “Egoera oso larria da. Alvarok egoeraren berri eman zidan, eta ahal dudan guztian laguntzen saiatuko naiz. Aldundiak iritziz aldatzea espero dugu”, aipatu du Ramonedak. Santos bi aldiz saiatu da hitz egiten, eta bigarren txanda horretan lortu du gehiago hitz egitea. Izan ere, lehen aldian, “ezingo dute” esan ostean, hunkituta negarrez hasi da, eta ezin izan du jarraitu. “Ezingo dute, benetan min egiten die iritsi garen tokira iritsi izanak, bestela ezin da beraien jarrera ulertu. Batenbatek egin eta esan duenaren ardura hartu beharko du. Ezin da hemen egon zoragarriak garela esanez, eta gero atzetik halako zerbait egin”, esan du Santosek ahal zuen moduan.