Pablo Casares, Olinpiar Jokoekin jolasean
Pablo Casares donostiarrak aspalditik du gogoko marraztea, eta oraingoan, kirolaren alderdi dibertigarria irudikatu du ‘New Olympic Games’ liburuan, bihar Londresen abiatuko diren Olinpiar Jokoen harira.
Gehiegi pentsatu gabe, Olinpiar Jokoekin lotura duten marrazkiak egiten hasi zen egun batean Pablo Casares (Erdialdea, 1972), jolas moduan. Zehazki, bihar bertan abiatuko dira Olinpiar Jokoak Londresen eta abuztuaren 12a arte iraungo dute. «Nire kontu marrazki batzuk egiten hasi nintzen, zentzugabeak, eta dibertigarria iruditu zitzaidan», azaldu dio Casaresek IRUTXULOKO HITZAri. Pixkanaka, lanak utzitako tarteetan, 45 marrazki egitera iritsi da, eta New Olimpic Games izenburupean batu ditu.
«Ez dut honekin dirurik ateratzen, eta iazko udatik tarteka egin ditut marrazkiak», azaldu du Casaresek. Marrazten hasi zenean, ez zekien zehazki zer egingo zuen gerora. «Itxura ona hartu zuenean, paperezko liburua osatzea pentsatu nuen; askoz ere politagoa baita. Azkenean, diru eta denbora arazoak tarteko, era digitalean bakarrik osatzea erabaki dut». Izan ere, argitaletxe batzuekin harremanetan jarri den arren, ez du lana kaleratzea lortu, eta bere kabuz editatzea garesti irtengo zitzaiola dio: «Facebooken jarri dut, eta sortu dudan blog batean liburua dohainik jaitsi daiteke». Beraz, newolympicgames.files.wordpress.com webgunean ikus daitezke marrazkiak.
Helburu zehatzik gabe
Helburu garbirik gabe egin du lana Casaresek, baina pozik dago emaitzarekin: «Nire burua aurkeztu nahi nuen. Honen atzean ez dago kontzeptu zehatzik, baina gizartean ikusten dut badagoela nolabaiteko estetika bat kirolaren atzean, eta horren alderdi zentsugabea erakutsi nahi izan dut». Hala, kirolarietaz barre egin gabe, mundu horren beste begirada bat eskaini nahi izan du. Orokorrean, Casares ez da oso kirol zalea, baina lehia esanguratsuak ikusten dituela dio: «Futbol final onak edo halakoak ikusten ditut, eta nik gimnasio pixka bat egiten dut, osasuntsu mantetzeagatik, besterik ez». Liburua modu digitalean bakarrik sortu duen arren, oso harrera ona jasotzen ari da: «Jendeak oso gogoko izan du. Egun gutxitan blogean 500 lagun baino gehiago sartu direla ikusi dut, eta mezuak ere jaso ditut».
Aspalditik du marrazteko zaletasuna Casaresek: «Txikitatik marrazten dut. Duela zazpi urte inguru, poesian jarri nintzen buru-belarri eta liburu batzuk kaleratu nituen. Orain, poesia utzi dut eta marrazkiekin itzuli naiz». Duela gutxira arte ere, erakusketa bat izan du 90 grados galerian, berak egindako collage-ekin: «Horrekin ere oso pozik bukatu dut, asko saldu dut eta».
Galeria gehiagotan ere jarri izan ditu erakusketak, eta aurrera begira proiektu gehiago ditu buruan: «Collage gehiago egiten jarraituko dut, eta ilustrazioarekin ere beste proiektu bat dut buruan datorren urterako».



