Parot Doktrinaren aurkako elkarretaratzea egin dute Egian
Herrira herri mugimenduak deituta, Egiako epaitegiaren aurrean elkarretaratzea egin dute 50 lagun inguruk. 70 euskal presori ezarritako Parot Doktrinaren aurka egin dute protesta, horretarako 70 aulki huts jarrita. “Epaitegian bildu gara 197-2006 doktrinaren inguruan Estrasburgoko giza eskubideen tribunalak egindako sententziaren aurrean, pentsatzen dugulako epaitegiek ezin dutela beste alde batera begira jarraitu. Lehenbailehen pertsona horiek aske geratu behar direla uste dugu, Estrasburgok esaten duenaren arabera doktrina hori legez kanpokoa delako eta oinarrizko eskubideak urratzen dituelako. Beste alde batetik, gure elkartasuna adierazi nahi diogu Josu Uribetxeberria presoari eta bere sendiari; minbizia du eta jaso behar duen tratamendua bateraezina da kartzelako bizitzarekin”, adierazi dute Herrirako kideek.