PSE-EE eta PPko ordezkariek osoko bilkuratik alde egitea erabaki dute
Denis Itxasok Bilduko Nerea Txapartegi ordezkariari ustez entzundakoak piztu du zalaparta
Osoko bilkura betiko moduan hasi zen atzo. Hamaseigarren puntuak, hots, hirian eskegita dauden kartel eta pankarten inguruan PSE-EEk aurkeztutako erakunde adierazpenak, baina, batzarrean zegoen ordura arteko normaltasuna hankaz gora jarri zuen.
Egoera politikoaren ondorioz, urtetan mehatxupean bizi izan direla ari zen Ernesto Gasco PSE-EEko bozeramailea kontatzen. Maria Jose Usandizaga PPko zinegotziari eta Ernesto Gascori berari «etxera mehatxuka» joan zirela azaltzen ari zen bitartean, Denis Itxaso zinegotziak, Nerea Txapartegi Bilduko Kultura ordezkariaren ahotik «zerbaitegatik izango da –por algo será–» esaten entzun zuela jakinarazi zion alkate eta osoko bilkurako buru den Juan Karlos Izagirreri. Alkateak halakorik ez zuela entzun erantzun zion.
Zalaparta berehala piztu zen, eta PSE-EEko zinegotziek udalbatzarreko aulkietatik altxa eta aretotik alde egitea erabaki zuten. PPko zinegotziak ere, Txapartegiri azalpenak eskatu ostean, batzarretik joan ziren. PSE-EE eta PPko kideek aulkiak hustu bezain laster, halakorik ez zuela esan argitu zuen Nerea Txapartegik. «Nik ez dut ezer esan, horrelako akusazio bat jasotzea irain bat dela iruditzen zait», zioen. Udalbatzarra bukatu aurretik horrelakorik esan ez zuela berretsi zuen Bilduko ordezkariak. PSE-EEko eta PPko bozeramaileek, gainera, eskutitz bat igorri zioten ordezkariari esandakoa berehala zuzen zezan exijitzeko; bestela kargua uztera bultzatuko dutela ohartarazi dute.
Bi udal talde falta baziren ere, osoko bilkurak aurrera jarraitu zuen. Kutxaren inguruan Bilduk aurkeztutako erakunde adierazpen bat zegoen jorratu gabeko gaien artean. Hain justu, atzo arratsaldean Kutxako batzarra zegoen eta hartara joateko «maniobra» ez izatea espero zuela esan zuen alkateak. Osoko bilkuraren ordutegia aldatu nahi ez izatea «adeitasun eza» iruditu zitzaion Eneko Goia EAJko bozeramaileari.