Oliver Stone zuzendariak Zinemaldiaren 60. urtemugaren Donostia Saria jasoko du
AEBetako Oliver Stone zuzendariak sari berezi bat jasoko du Zinemaldiaren 60. Urteurrena den honetan, bere ibilbide osoaren aintzatespen gisa. Donostia Saria berezia eskuratuko du. Saria jasotzera ez ezik, lan berria aurkeztera ere etorriko da. Zinemaldian estreinatuko dute Savages, Oliver Stone zuzendariaren azken lana. Savages filma irailaren 23an Victoria Eugenia Antzokian proiektatuko da, eta bertan izango dira zuzendaria, eta John Travolta eta Benicio Del Toro aktoreak. Film berria Don Winslow idazlearen izen bereko best-sellerrean oinarrituriko thrillerra da.
Stone gidoilari gisa hasi zen zinema-munduan, eta lehenengo Oscar saria Alan Parker zuzendariaren Midnight Express (1978) filmaren gidoiagatik jaso zuen. Horretaz gain, beste film ezagun batzuen gidoiak ere bereak dira; esaterako, John Milius zuzendariaren Conan the Barbarian (1982) eta Brian de Palmaren Scarface (1983) lanenak. Zuzendari gisa egin zuen lehenengo lana The Hand (1981) fantasiazko thrillerra izan zen, baina, bere estilo berezia eta zuzendari gisa dituen interesak bost urte geroago geratu ziren argi, Salvador (1986) drama politikoarekin. Film horrek Zinemaldiaren barruan egiten diren Belodromoko proiekzioak inauguratu zituen bere garaian. Ondoren, nazioartean ospea ekarri zion Platoon (1986) etorri zen, Vietnamgo gerrari buruzko erretratu latza; horri esker, zuzendari onenaren Oscar saria irabazi zuen, baita film onenarena ere. Arrakasta handia izaten jarraitu zuen negozio handien munduari buruz ikuspegi garratza eskaintzen zuen Wall Street (1987) lanarekin, eta berriz ere Vietnamgo traumaz hitz egiten zuen Born on the Fourth of July (1989) filmarekin. Azken honi esker, zuzendari onenaren Oscar saria irabazi zuen.
Hurrengo filmetan Stonek Amerika modernoari buruzko erretratu sakon eta hunkigarria eskaini du, eta besteak beste, honako gai hauek landu ditu: Kennedyren hilketa, JFK (1991); Richard Nixonen agintaldia, Nixon (1995); AEBetako gizartearen indarkeria, Natural Born Killers (Hiltzaile jaioak, 1994); kirolaren munduko ustelkeria, Any Given Sunday (Edozein igandetan, 1999) eta irailaren 11ko atentatuak, World Trade Center (2006). Stone lau aldiz izan da Donostia Zinemaldian, Salvador, Natural Born Killers eta World Trade Center Belodromoan aurkeztu zituenean, eta Looking for Fidel (2004) dokumentalarekin, Zabaltegi-Bereziak sailean.
Savages filmak Laguna Beacheko bi enpresariren istorioa kontatuko digu: Ben (Aaron Taylor Johnson), budista baketsu eta eskuzabala, eta haren lagun onena Chon (Taylor Kitsch), AEBetako Marinako talde berezietako kide eta mertzenario izandakoa. Bien artean irabazi bikainak ekarriko dizkien negozioa jarri dute etxean: inoiz lortu den marihuana onena landatu eta saltzea. Horretaz gain, Ophelia (Blake Lively) eder eta zoragarriarekiko maitasuna ere partekatzen dute. Bizitza idilikoa eramango dute Kalifornia hegoaldeko herrixkan, Kalifornia Behereko kartel mexikarra hara iritsi eta hirukoteari negozioa beraiekin partekatzea eskatzen dieten arte. Karteleko buru bihozgabeak (Salma Hayek) eta haren bizkartzain basati Ladok (Benicio Del Toro) ez dute, ordea, hiru lagunak batzen dituen loturaren indarra aintzat hartuko. Benek eta Chonek kartelaren aurkako ezinezko gerrari ekitea erabakiko dute, iheskorra eta batere garbia ez den DEAko agente batek (John Travolta) gogo txarrez eskainiko dien laguntzarekin. Horrela, gero eta basatiago bilakatuko diren azpijokoak eta estrategiak garatzen joango dira. Jolas horretan asko dute galtzeko bi alderdiek.