San Agustin eguna ospatuko dute bihar Artikutzan
Bihar, abuztuaren 28an San Agustin eguna da eta, urtero bezala, Artikutza parkea jende guztiarentzat zabalik egongo da. Jai eguna ospatzeko hainbat ekitaldi egingo dituzte. Pilota partidak, meza, bertso saioak, dantzaldia…
11:00etan meza egingo dute eta Egi Eder otxoteak parte hartuko du. Ondoren pilota partidak hasiko dira. Bi partida jokatuko dituzte Goizueta eta Oiartzungo pilotarien artean. Arratsaldean, 17:00etan: Mañukorta eta Irazu bertsolarien emanaldia. Eta 18:00etan, berriz, herri kirolen erakustaldia. Bertan parte hartuko dute Donato Larretxea eta Oihan Larretxea aizkolariek eta Iñaki Perurena harri jasotzaileak, besteak beste. Dantzaldia 19:30ean hasiko da.
Horrez gain, egun osoan artisauen lanak ikusi ahal izango dira, bertako produktuak salgai egongo dira (taloak, gazta eta pastelak) eta joaten direnek bi taberna izango dituzte jan-edanak eskuratzeko. Artikutza 08:00etan irekiko dute, eta urtegia inguratzen duen pistan autoetarako aparkalekua egongo da.


