Urbieta eta Rezusta izan dira Antiguako Pilota Txapelketako irabazleak
Antiguako Pilota Txapelketako finalak jokatu zituzten atzo goizean, pilotari donostiarren presentziarik gabe. Izan ere, txapelketan donostiarrak aritu diren arren, inork ere ez du fineletara iristea lortu. Hilabeteetan jokatutako partiden ostean, azken lehien eguna iritsi zen, eta Lehen Mailan, Urbieta II.a eta Beñat Rezusta izan ziren txapeldunak, Garralde eta Linzoain bikoteari 22-9 irabazita. Markagailuak kontrakoa dioen arren, final borrokatua izan zen atzokoa, baina azkenean, Asteasuko eta Bergarako pilotariek jantzi zituzten txapelak. Bestetik, jubeniletan, Labaka eta Elustondok 22-16 irabazi zioten Olano eta Cordon bikoteari. 22 urtetik beherako mailan, berriz, Irribarria eta Tolosa izan ziren onenak, Santxo eta Galarzari 22-21 irabazita.