Laguntza humanitarioa Gazara helaraztea helburu duen Suediako ‘Estelle’ ontzia bisitatzeko aukera izan dute donostiarrek.
Gazatik-Gazaruntz brigadaren ekimenari esker, bi eguneko geldialdia egin du hirian.

'Estelle' ontzia bi egunez izan da hiriko kaian. (Argazkia: Maitane Aldanondo)
Bi egunez izan da
Estelle ontzia hiriko kaian amarratuta. Igandean iritsi zenetik bere tamaina handiak inguruan ibilitako guztien begiradak bereganatu ditu. Atzo, ordea, kanpoko itxurak baino barruko aldea ezagutzeko aukerak erakarri zituen donostiarrak. Bideari berriro ekinez, arratsean zeharkatzekoa zen Kontxako badia, Bermeo alderantz. Goizean goizetik eta arratsaldeko lehen orduak arte, ehunka lagun bertaratu zen Gazara (Palestina) iritsi nahi duen
Askatasunaren ontzidia bertatik bertara ezagutzera.
Ordu erdi eta ordubete inguru itxaron behar izan zuten ilaran zain zeudenek. Sabotajeak saihesteko segurtasun neurri gisa, hamar-hamabost lagunek parte har zezaketen txanda bakoitzean. Jarduera arintze aldera, azalpen orokorrak Gazatik-Gazaruntz brigadako kide Maite Berzosa intxaurrondotarrak eman zituen Kaian. Ontziaren ibilbide historikoa azaldu, eta ekimenaren nondik-norakoen berri eman zuen. “Israeldarren blokeoaren ondorioz, ezin dituzte euren lurrak landu, ezin dute euren uretan arrantza egin, haurrak ez doaz eskolara, osasun zerbitzua hankaz gora dago: ez dute tresnarik ezta gaixoak artatzeko baliabiderik ere”. Egoera “tamalgarria” arintzeko laguntza helarazi nahi diete palestinarrei: Elikagaiak, baloiak, koadernoak, hezkuntza materiala, porlana, eraikuntzarako blokeak… Herritarrek ikusteko aukera izan ez bazuten ere, ontziak, barnean, horien 238 tona daramatza.
Txanda heltzean, Mikel Goenaga brigada kideak ontziaren bizkarrean barrena gidatu zituen bisitariak. Inguruan, eskifaiako kideetako batzuek ohiko lanarekin jarraitzen zuten; eta beste batzuek, bisitarien begiradek kezkatu gabe, solasaldi lasaian ari ziren txoko batean. Ibilbide laburra izan zen, hamar bat minutuko luzerakoa, ahalik eta lagun gehienei ikusteko aukera emateko. Sotoko zabalera ikusteko, honen goiko ateak zabaldu zituzten. Harridurez begiratzen zuten bisitariek, eta bere tamainari buruzko aipuak ugariak izan ziren. Logela gisa erabiltzen duten txokoak ere halakoak piztu zituen. Oraingoan, ordea, kontrako arrazoiarengatik: leku oso txikia baita. Eremu mugatuan, dena den, sukaldea, jangela, dutxak eta “sauna” deitzen dutena ere badituzte. Suediako banderarekin nabigatzen duen ontziaren txoko hauek kanpotik ikusita, amaitu zuten bisita.
Harrerarekin “oso pozik”
Lau hilabeteko ibilbidea urrian osatzea espero dute. Aurretik, ordea, israeldarren “blokeoa” bizi duten herritarren egoeraren berri emango dute Europako hainbat herritan. Gazatik-Gazaruntz brigadak lagunduta, Suediatik irten zen ontziak Donostian geldialdia egin du. Juan Karlos Izagirre alkateak harrera egin zien igande goizean Kaian, eta palestinarren bizi duten egoeraren berri emateko hainbat ekimen egin dituzte egunotan. Guztien, protagonista
Ship to Gaza (Ontzia Gazarantz) leloak apaintzen duen barkua izan da. Porturatu eta bertan egoteko izandako erraztasunak eskertu dituzte ekintzaileek. Izan ere, ez baita ohikoena. “Oso pozik daude hirian izandako harrerarekin, portu guztietan hala izatea nahiko lukete; baina, esaterako, Alacanten oraindik ez dute portuan sartzeko baimena”, zehaztu zuen Berzosak. Beste tokietan zailtasunak direnak, erraztasunak izan dira Donostian. “Brigada zabala, anitza eta irekia da. Hau posible egiteko elkartu diren herritarrak gara. Erakunde eta agintariek erraztasunak eman dizkigute, baina herri ekimena da”, nabarmendu zuen intxaurrondotarrak.
Askatasunaren hirugarren ontzidia da
Estelle. 2010ean egin zuten lehena, eta Israelgo armadaren eraso zuzenak galarazi zuen Gazara iristea. Hamar hildako eta 50 zauritu izan ziren. Bigarren ontzidia, berriz, Grezian geldiarazi zuten, iaz. Itsaspekariek egindako sabotajeek ontziaren helizeak matxuratu zituzten, eta ezin izan zuten Palestinara iritsi. Hamazazpi lagunek –profesionalak nahiz boluntarioak– osatzen dute
Estelleko eskifaia. Hauen koordinatzailea lehen bidaian zauritua izan zen Dror Freiler da. Bere hirugarren saiakera da. “Israelgo armadako paraxutista ohia da. Gune okupatuetara bidali zutenean, desertatu egin zuen eta Suediari babes politikoa eskatu zion. Hango herritartasuna hartu zuen. Gazara iristearekin tematuta dago”, azaldu zuen Berzosak.
‘Estelle’ itsas armadako ontzi izatetik, elkartasun ikur izatera
Estelle izena 1961an jarri bazioten ere, ontzia 1922an eraiki zuten Alemanian. Bertako itsas armadak arrantzarako erabili zuen urte luzeetan; Finlandiako batzorde batek eskuratu zuen arte. Honek bidezko merkataritzako produktuen garraiorako baliatu zuen, bereziki, Angolatik Finlandiara kafea eramateko. Ondoren, Suediako batzorde batek, herritarren laguntzarekin, ontzia erosi zuen Gazara joan eta palestinarren egoera sinbolikoki zabaltzeko.
1991ean berritu zuten Estelle eta, egun, 53 metroko luzera eta 8 metroko zabalera du. Hiru mastaz gain, beste bost haize oihal ere baditu.
Ahaldun nagusiak gipuzkoarren elkartasuna adierazi dio eskifaiari
‘Estelle’ ontziko ekintzaileekin eta Muse Odeh ordezkari palestinarrarekin bilera egin du Aldundian.

Martin Garitano ahaldun nagusia eta Musa Odeh, eskifaiako hainbat kiderekin. (Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia)
Martin Garitano ahaldun nagusia
Askatasunaren ontzidiko hainbat kiderekin elkartu zen atzo goizean. Igande goizean iritsi zen Donostiara
Estelle itsasontziko eskifaiako hainbat lagunekin batera, Palestinak Espainiako Estatuan duen ordezkari nagusia Muse Amer Odeh ere izan zen. Bilera hasi aurretik egindako adierazpenetan, Garitanok azaldu zuenez, ekimen honen bidez, “gure herriaren elkartasuna berretsi nahi dugu Gazan egun bizi den egoerarekin eta herri palestinarraren borrokarekin”. Odehk eskerrak eman zizkion ahaldun nagusiari bere harrerarengatik, eta opari gisa, zapi palestinarra jarri zion lepoan. Halaber, euskal herritarrek palestinarren borrokari emandako babesa ere eskertu zuen.
Odeh-k Suediatik datorren ontziaren xedea humanitarioa dela zehaztu zuen: “Historiako kartzela handienean dauden herritarrak lagundu nahi ditu. Nazioarteko legedia eta Nazio Batuen Erakundearen (NBE) ebazpenak urratzen dituen okupazioarengatik milioi eta erdi lagun blokeatuta daude, eskubiderik gabe”. Gazako herritarren egoera “apartheid” gisa definitu zuen Odehk. Horren aurrean, palestinarren nahia “bakea eta justizia” dela nabarmendu zuen Odehk, eta horiek gailentzeko “borroka etengabea eta nazioarteko komunitatearen babesa” beharrezkoa direla. Hala, hilaren 30ean, NBE kide izateko duten eskubidea gauzatzen saiatuko direla argitu zuen.

