Fidel de la Serna donostiarra izan da Aquariumeko 15 milioigarren bisitaria
Donostiako Aquariumeko langileak urduri zeuden gaur goizean. Egindako aurreikuspenen arabera, gaur 11.00ak aldera Aquariumera gerturatzen ziren bisitarien artean museoko 15 milioigarren bisitaria espero zuten. Eta 11:20ak aldera iritsi da. Donostiar bat izan da, Fidel de la Serna Erdialdeko bizilaguna. Bere bi ilobekin, Irene eta Xabier de la Sernarekin joan da Aquariumera. Aquariumeko zuzendaritzak prestatutako harrera bereziak ustekabean harrapatu ditu hirurak.
Aquariumeko langileak ez ezik, hainbat hedabidetako argazkilari eta kazetariak zituzten zain museoaren sarreran. Aurreskua dantzatu diote Fidel de la Sernari, eta txapela eta zapi bat eman dizkiote. Sari potoloak jaso ditu gainera. Batetik, Aquariumeko Bocado jatetxean lau lagunentzako bazkaria lortu du; eta bestetik, Aquariumera bi urtez lau pertsonentzako doako sarrera ere.
Aquariumeko langileekin batera bisita berezia egiteko aukera izan dute hirurek. Museoko langileen eguneroko lana ezagutzeko aukera izan dute, biologia atalarena esaterako.