
Kutxa Kultur Festibaleko arduradun eta babesleek bat egin dute gaur Igeldoko jolas parkean (Argazkia: Estitxu Zabala)
Kutxa Kultur Festibala iristear da. Musika independientearen jaialdia irailaren 7an eta 8an egingo dute Igeldoko jolas parkean, eta momentuz, 4.000 sarreratik gora saldu dituzte. Egun bakoitzerako, 4.500 sarrera jarri dituzte salgai eta jaialdiko arduradunak ziur daude sarrera guztiak agortuko direla aste honetan eta hurrengoan. Gaurko agerraldian jakinarazi dutenez, zortzi eremutan banatutako gastronomia txokoak egongo dira jaialdiaren bi egunetan, eta munduko txoko ugaritako janaria dastatzeko aukera egongo da: Mexiko, Italia, Argentina, Galizia… horretaz gain, parkera igotzeko, Donostia Buseko autobusak jarriko dituzte, doan, Londres hoteletik eta Ezeiza hoteletik; eta funikularrean igotzeko aukera ere egongo da, dohainik. Ezinbestekoa izango da garraio horietako bat erabiltzea, auto eta motorrentzako sarrera debekatua egongo baita.