
Euskal kultura, folklorea eta gastronomia bildu ohi dituzte Euskal Jaiek. Etzi hasiko dira Kontxako Banderako sailkapen estropadarekin, eta irailaren 9a arte luzatuko dira. Egitarau oparo eta zabala da aurtengoa; ohiko ekimenekin batera, berritasun ugari ere badituena. Besteak beste, Parte Zaharreko Jai Batzordearekin elkarlanean, I. Toka txapelketa egingo dute larunbatean. Kaikuren laguntzarekin, berriz, esnearen prozesua ezagutarazteko baserri itxurako ludotekan parte hartzeko aukera izango dute haurrek, irailaren 8an. Udaleko Euskara ordezkari Nerea Txapartegik nabarmendu duenez, Nafarroako konkistaren bost mende betetzen direla-eta, gertakari historiko horri lotutako ekimenak ere egingo dituzte asteazkenean “nafar identitatearen pisua aztertzeko”. Horien artean, Iñaki Egaña historialari amaratarrak
Ezagutzen ez dugun Donostia hitzaldia emango du.
Jende ugari erakartzen duen Sagardo Egunak ez du hutsik egingo, eta honek ere, berritasunak dakartza. Larunbatean, Konstituzio plazan 40 sagardogilek euren sagardo onena eskainiko dute, 11:00etatik 14:15era bitartean. Txartelak 4 euroko kostua izango du, 10 basokadaren truke. Horrekin sagardotegietako afarien eta sagardo loteen zozketetan parte hartzeko aukera izango da. Sagardogileen Elkarteko lehendakari Arantza Eguzkizak jakinarazi duenez, aurtengo omendua Bertsolari Elkartea izango da. Halaber, urteko lehen muztioa dastatzeko aukera ere izango da, Saguesetik eta Loiola kaletik irtengo diren garlietan (gurdi barrikak). Eguzkizak donostiarrak baserritar jantzita festan parte hartzera animatu ditu.
Iazko arrakasta ikusita, Parte Zaharreko Jai Batzordeak kaleko zinema emanaldia egingo du irailaren 6an. Oraingoan ere lagun ugari elkartuko dela uste dute,
Gazta zati bat dokumentalarekin. Zuloaga plazan, 21:30ean.