Motako Gazteluan hiriaren azken 800 urtetako historia biltzen duen ‘Donostiari begira’ erakusketa ikusgai dago; irailetik aurrera, 10:00etatik 17:30era bisita daiteke.
Abuztua bukatzear da, eta asko dira jada beren opor egunak xahutu dituztenak; haatik, uste baino hurbilago baditugu paradisu txikiak eta udako azken planak bertan egitea aukera ezin hobea da. Hiriaren erdialdean kokatuta, Urgull altxor horietako bat da. Landaredia aparta dauka, itsasoari eta hiriari so egiten dioten begiratokiak eta txango polit bat egiteko aukera anitzak ematen ditu. Horrez gain, behin gailurrera iritsita, Motako gazteluan, hiriaren azken 800 urteetako historia biltzen duen Donostiari begira erakusketa ikusgai dago. Hilaren azken egunera arte, 10:00etatik 20:00etara zabalik egongo da. Hortik aurrera, ordea, asteartetik ostiralera bisita daiteke, 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 17:30era. Larunbat, igande eta jaiegunetan, berriz, 10:30tik 17:30ra..
Atzera-begirakoa
Donostiaren historia hurbilari lotzen zaizkion ezaugarriak ugariak dira; itsaso eta merkataritzari lotua, ilustratua, liberala, kosmopolita… Baina, hasteko, erakusketan azaldu duten legez, Donostia deitu aurretik hiriak hainbat izendapen ere izan zituela izan behar da gogoan. Izurun edo Irutxulo deiturarik zaharrena da, arrantzaleek hala deitu zioten itsasotik hiru zulo ikusten zituztelako. Era berean, Oiasso erromatarra eremu honetan kokatuta zegoela uste zutenez, Easo izendapena ere jaso zuen. San Sebastian –Sanctus Sebastianus–, aldiz, Antigua auzoko monasterioa zen eta hiribilduari izena eman zion XII. mendean.
Ildo honetan, Donostiaren kokalekurik zaharrena, Antigua auzoari dagokiona da. Beranduago, Baionatik etorritako biztanleek –gaskoiak– Urgull mendiaren gerizpean finkatuz joan ziren, eta kokaleku horrek indarra hartu zuen. Era berean, gaskoiak Donostiara etortzea erabakigarria izan zen hiriari merkataritza-izaera emateko. Haien aztarna, jatorri gaskoiko toponimoetan antzeman daiteke: Urgull, Aiete, Polloe, Ulia, Narrika, etabar.
Honenbestez, Erdi Arotik Donostiako portua merkataritza gune garrantzitsua izan zen. Bertatik, Frantzia, Britaina Handia zein Flandeseran salgaiak ateratzen ziren eta, hori dela-eta, ontziolak, arrain azokak etabar abian jarri zituzten. Donostiako portura lehen mailako beharrak asetzeko produktuak iristen ziren; garia eta eskualdeko burdionak hornitzera zuzendutako mineral-zainak, esaterako. Arrantza hiriko jarduera ekonomiko nagusienetako bat zen; kostatik gertu itsas aingira, sardina, atuna , bixigua, eta legatzak harrapatzen zituzten. Santa Klaran, berriz, sardina eta sardina zaharrak, eta 1534tik aurrea haratago joan ziren, Ternuara, bakailua eta baleak arrantzatzera.
Donostiari begira erakusketak hiriko historiaren printzak azaltzen ditu, ikus-entzunezkoen bidez, irudiekin, lanabesak eta erreprodukzioak tarteko… Garai ezberdinetako donostiarren jantziak ere ikusgai daude eta, haien bitartez, herritar anitzen bizimoduei erreparatzen zaie: itsas-lapurrak, hiriko magistratuak –1700. urtean jada alkateak aukeratzen zituzten–, saregileak….
Ezin ahaztu, abuztuaren 31 hurbil dagoen honetan, suteek hiriko historian izan duten garrantzia. 1813an, Independentzia gerra garaian, tropa angloportugaldarrek hiria erre zuten. Gaur egun, 200 urte beranduago oraindik ere ez dago argi nork eman zuen agindu hura.