Bizikleten aparkalekuei buruzko udal plana nahi du Kalapiek
Arazoari osotasunean erantzungo dion egitasmoa eta aparkaleku berriak nahi ditu elkarteak.
Bizikleten aparkalekuen inguruan udal plana egiteko eskatu du Kalapiek. Hiriko txirrindularien elkarteak komunikabideetara bidalitako idatzian azaltzen duenez, Europako Batasunak 80.000 euro emango dizkio hiriak parte hartzen duen mugikortasun iraunkorrari buruzko proiektu bati. Egitasmoaren xedeak, bizikleta aparkaleku seguruak sustatzea eta ezartzea, eta oinezkoentzako hiri azpiegiturak hobetzea dira.
Proiektu hori gauzatzeko bidean, Kalapiek bizikletentzako aparkalekuen udal plan bat prestatzeko eskatu dio udalari; «eremu honi osotasunean erantzuteko». Era berean, orain arte alboratua izan den eskaera bat asetzea nahi dute: «etxebizitzen inguruan nahiz garraiobide mota batetik bestera aldatzeko guneetan, bizikletak lapurretatik, bandalismotik eta eguraldi txarretik babesten dituzten aparkaleku plazak eskaintzeko irtenbideak proposatzea». Horretarako lur gaineko aparkaleku itxien modeloak, lur azpian dauden azpiegituretan bizikletak gordetzeko sistema automatikoak ezartzea, edo lurpeko aparkalekuetan bizikletak uzteko plazak jartzea proposatzen dute Kalapieko kideek.
Bestalde, udan hondartzara bizikletan joaten diren txirrindularien kopuruak hauek uzteko aparkalekuena nabarmen gainditzen duela gogora ekarri dute. Pilaketen arazoa konpontzeko aparkatzea erraztuko duten aldi baterako gailuak jartzea irtenbidea izan daitekeela uste dute txirrindularien elkarteko kideek.


