«Giza eskubideen errespetuarekiko adarjotze erraldoia iruditzen zaigu»
Presoen aldeko martxa debekatu izana salatu dute protestaren deitzaileek; «besoak gurutzatuta» ez direla geratuko aurreratu dute; txandakako ibilaldia egin dute Donostian barrena, apaiz frantziskotar batek abiatuta.
Iosu Uribetxeberria eta gaixo dauden beste hamahiru euskal presoen askatasuna eskatzeko elkarretaratze bat eta txandakako ibilaldi bat egin zituzten atzo hirian, Espainiako Auzitegi Nazionalak Donostia Ospitalean hasi eta Arrasaten –Uribetxeberriaren jaioterrian– bukatzekoa zen martxa debekatu eta gero.
Horrenbestez, aurreikusitako ekimen ibiltaria bertan behera geratu zen, halabeharrez. Hain zuzen ere, protesta hori hamalau herritar ezagunek deitu zuten astelehenean; Txaro Arteagak, Andoni Egañak, Inaxio Kortabarriak, Nekane Altzelaik, Joan Mari Irigoienek, Xabier Morrasek, Martxelo Otamendik, Naroa Iturrik eta Josu Juaristik, besteak beste. Hauetako gehienak Donostia Ospitalean elkartu ziren atzo goizean, 10.30ak aldera, Herrirak antolatutako elkarretaratzean parte hartzeko eta debekua salatzeko.
Andoni Egañak eta Txaro Arteagak hartu zuten hitza euskaraz eta gazteleraz, hainbat kazetariren aurrean; agerraldiak ikusmin handia sortu zuen komunikabideen artean. «Gure eskubide zibil eta politiko guztiak indarrean ditugun hamalau euskal herritarrek espetxean eta larri dauden beste hamalau herritarren etxeratzea eskatzeko egindako deia debekatzea astakeria politikoa, eskandalu judiziala eta giza eskubideen errespetuarekiko adarjotze erraldoia iruditzen zaigu», salatu zuten. «Astakeria hutsa da, Europako Batasunaren baitan parekorik ez duena», zehaztu zuten.
Debekatutako martxaren deitzaileen ordezkarien arabera, «legea betetzea besterik ez dugu eskatzen, baina, antza, Espainian legedia bete eta giza eskubideak errespetatzea ere debekatu egiten da». Hori dela eta, salaketaren bidea ez dutela baztertzen nabarmendu zuten; salaketa judiziala eta batipat salaketa soziala, «oinarrizko eskubideen aurkako neurri hauek bultzatu, proposatu eta txalotzen dituztenekiko».
Argi utzi zuten «besoak gurutzatuta» ez direla geratuko, eta Euskal Herriaren oraina eta geroa euskal jendartearen eskuetan dagoela berretsi zuten. «Debekuen aroari» amaiera ipini behar zaiola azpimarratu zuten, «sorginen ehizarekin» behingoz bukatzeko, eta presoen eskubideak errespetatzeko garaia dela adierazi zuten.
Aulkia, eskuz esku
Adierazpenen ondoren, eta Donostia Ospitalean egindako elkarretaratzea bukatuta, Uribetxeberria eta gaixo dauden beste presoen aldeko elkartasun keinu berri bati egokitu zitzaion txanda. Hain zuzen ere, elkarretaratzearen aurrean hamalau aulki huts zeuden, gaixo dagoen preso bakoitza irudikatuz.
Bada, 70 urteko Paulo Agirrebaltzategi frantziskotarrak Uribetxeberriaren aulkia hartu eta txandakako martxa bati ekin zion, 12:00etan, ospitaletik bertatik abiatuta. Hala, aulkia eskuz esku pasa zen egun osoan zehar, hirian barrena.
Hain justu, Agirrebaltzategik Donostia Ospitaletik Anoetaraino eraman zuen lekukoa. Bidean, ospitaleetako errepidea jaisten ari zela, Ertzaintzarekin egin zuen topo. Poliziak identifikatu zuen, eta aulkiarekin batera zeraman testua zer zen galdetu zioten. Frantziskotarrak Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala zela argitu zion ertzain buruari, eta honek, nortasun agiria itzuli eta gero, aurrera egiteko baimena eman zion. Hori bai, baldintza batzuk jarri zizkion bideari ekin aurretik; ekimena manifestazioa ez bilakatzea.
Anoetan, Aralarreko ordezkari Iñaki Irazabalbeitiak hartu zuen aulkia. Honek udaletxera arteko bidea egin zuen. 13:00ak inguruan iritsi zen bertara, eta Juan Karlos Izagirre alkatea eta udal gobernuko beste kide batzuk zituen zain.
Alkateak babesa eman zion ekimenari, eta debekua ez duela ulertzen gaineratu zuen, udal gobernuaren izenean. «Iosu eta gaixo dauden gainontzeko presoak askatzeko eskaera babesten dugu. Ez dugu ulertzen gaur –atzo– izan den debekua. Erabaki honek ez dio ezer onik ekartzen Euskal Herrian abian den prozesuari», adierazi zuen Izagirrek.
Uribetxeberriaren aulkia hartuta, giza kateari hasiera eman izanagatik, alkateak Agirrebaltzategiren erabakia txalotu zuen. «Erabaki horri babesa ematen diogu eta, bide batez, herritar guztiak animatzen ditugu giza katean parte hartzera», erantsi zuen.
Martxak aurrera egin zuen arratsaldean. 14:30etan, esaterako, ESAITeko ordezkari Martxel Toledok hartu zuen lekukoa, eta Aieteranzko bidea hasi zuen, Aieteko Bakearen eta Giza Eskubideen Etxean aulki bat uzteko helburuarekin.
Presoen aldeko manifestazioa deitu dute larunbaterako
Gaixo dauden presoen aldeko ekimenak ez dira atzoko protesta egunarekin amaitu. Debekatutako martxaren deitzaileek manifestaziora deitu zituzten herritarrak. Hain zuzen ere, larunbatean, 17:30ean, Antiguako tunelean jarri zuten hitzordua.
Espainiako Auzitegi Nazionalak Donostia eta Arrasate arteko presoen aldeko martxa debekatu eta gero, ekimen hura deitu zuten berberek –kultura eta gizarte arloko hamalau herritar ezagunek– egin dute manifestaziorako deia.
Martxa debekatu aurretik, protestak atxikimendu asko jaso zituen; hainbat aurpegi ezagunena, tarteko. Manifestazioarekin berdina gertatzea espero dute deitzaileek, eta herritar guztiei gonbitea luzatu zieten etziko manifestazioan parte har dezaten.


