Kontxako Banderako sailkatze estropada jokatuko dute gaur
Itsaso zakarra eta haizea daude emanda. Ia bi metroko olatuak espero dira, eta haizeak 25eko indarrarekin jotzea ere aurreikusten da, ipar-mendebaldetik
Kontxako Banderari gaur emango zaio hasiera, sailkatze estropadarekin. Emakumeen sailkatze estropada egingo dute lehendabizi, 17:30ean. Hondarribia irtengo da lehendabizi, eta Orio, Hibaika, Zumaia, Getaria-Tolosa, Galizia eta San Juan irtengo dira ondoren, hurrenez hurren. Zazpi traineru lehiatuko dira, eta lau onenek izango dute hurrengo bi igandeetan bandera irabazteko aukera. Aurrenekoz, gizonezkoen egun berean jokatuko dute, gainera.
Itsaso eta haize zakarra espero dute, eta horrek ezusteak gertatzeko aukera ugaritu egingo du. Gizonezkoen lehia 18:00etan hasiko da. Erlojuaren aurka, banaka, hogeita lau traineru ariko dira lehian, eta saria gutxi batzuentzat bakarrik egongo da: zazpi azkarrenek lortuko dute datozen bi igandeetan Kontxako Bandera irabazteko lehian izatea.