Lau hilabetez hondartzan jokatzeagatik, 2.400 euro
Federazioak Kostetako atalari ordaindu egin behar izan dio Zurriolan boleibol sareak jartzeagatik
Hamar urte baino gehiago dira Gipuzkoako Boleibol Federazioak Zurriola hondartzan boleibol sareak jartzen dituela. Aurten ere, lauzpabost sare jarri ditu, baina datorren urtean egongo diren edo zenbat egongo diren zalantzan dago. Izan ere, edonork erabil ditzakeen sare horiek lau hilabetez jarriak izateagatik, ia 2.400 euro ordainarazi dizkio federazioari Espainiako Gobernuko Itsasbazterreko eta Kostetako atalak. Kontu guzti horren berri zehatzagoa izateko, federazioko Patxi Najerarekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAk.
Euren kabuz jartzen eta kentzen dituzte urtero federazioko kideek hondartzako sareak, eta orain arte ez dute halako dirutzarik ordaindu beharrik izan. «Guztien gozamenerako jartzen ditugu sareak, eta federazioak zein klubek antolatutako txapelketak jokatzeko erabiltzen dira, baita udako ikastaroetarako ere», dio Najerak. Sareak jartzeko, udalari eta Espainiako Gobernuko Kostetako zerbitzuari baimena eskatu behar izaten dio federazioak. «Esango nuke duela lauzpabost urte ere zerbait ordainarazi zigutela, baina 800 euro inguru».
Kontua da, sareen erabilpenagatik 300 euro eskatzen dizkiola federazioak ikastaroak antolatzen dituen klub bakoitzari, baina klub guztiek ez dutela ordaintzen dio Najerak. «Bera Bera eta Donostiako Atletikok antolatzen dituzte ikastaroak, eta Bera Berak bakarrik ordaintzen du». Bestetik, Boleibola Denontzat ekimena bultzatzen du Donostia Kirolak sailak, beraz, 400 euro inguruko diru laguntza eman dio federazioari. «Guretzako ez da errentagarria. Hara joan, sareak jarri eta kendu, eta gainera, aurten bezala, zutoinen bat apurtzen bada berria jarri behar izaten dugu».
Azken batean, helburu garbia du federazioak, hondartza boleibola bultzatzea. «Uda guztian jendea aritzen da jokatzen, baina metro koadro bakoitzak 157 euro balio baditu… Pentsatu egin beharko dugu, eta agian datorren urtean sare bat edo bi jarriko ditugu. Udalarekin hitz egin beharko dugu zer egin erabakitzeko».
Azken lehia, irailaren 22an
Udarari agurra emateko, azken txapelketa bat antolatu du federazioak irailaren 22rako. «Itxiera txapelketa izango da. Izen emateak 15 euro balioko du jokalari bakoitzeko, baina diru horren %60 lehenengo hiru sailkatuak saritzeko bideratuko dugu». Gizon eta emakumeei zuzendutako txapelketa izango da, eta bikoteka jokatzeko izango da. Oraingoan ere, kirola bultzatzeko asmoarekin.



