Tommy Lee Jonesek ere Donostia Saria jasoko du
Zinemaldiaren 60. edizioak Tommy Lee Jones aktoreari emango dio Donostia Saria. AEBetako aktorea, ordea, ez da saritu bakarra izango; aurten hiru Donostia Saria banatuko ditu-eta jaialdiak. Oliver Stone zinemagileak Zinemaldiaren 60. urtemugaren Donostia Saria berezia jasoko du, eta Ewan McGregor aktoreari ere bere ibilbidean egindako lana aitortuko diote. Tommy Lee Jonesek irailaren 28an jasoko du Donostia Saria, Kursaal Auditorioan.
Egin duen lanik berrienean, Hope Springs, protagonista da Meryl Streep ezagunarekin batera. Filma Donostia Zinemaldiko Zabaltegi Perlak sailean aurkeztuko dute.
Zineman egin zuen lehen lana Love Story (1970) izan zen, eta hor hasi zen oraingoz lau hamarkada iraun dituen bere karrera bikaina. Honako lan hauetan parte hartu du, besteak beste: Eyes of Laura Mars (1978), Coal Miner’s Daughter (1980) –honekin lehen aldiz izendatu zuten Urrezko Globoetarako–, Stormy Monday(Astelehen ekaiztsua, 1988), The Package (1989), JFK (1991), Under Siege (1992), The Fugitive(Iheslaria, 1993), Heaven and Earth (1993), The Client (Bezeroa, 1994), Natural Born Killers(Hiltzaile jaioak, 1994), Batman Forever (1995), Men in Black (Beltzez jantzitako gizonak, 1997),U.S. Marshalls (1998), Double Jeopardy (Traizio bikoitza, 1999), Rules of Engagement (Erasorako arauak, 2000), Space Cowboys (2000), Men in Black 2 (2002), The Hunted (Harrapakina, 2003),The Missing (2003), In the Electric Mist (2009), The Company Men (2010) eta Captain America: The First Avenger (2011). Jonesek bigarren mailako aktore onenaren Oscar saria irabazi zuen The Fugitive (Iheslaria, 1994) arrakastatsuko Marshall Sam Gerard zorrotzaren rolagatik. Hiru urte lehenago izendatu zuten lehenengoz Oscar sarietarako, Oliver Stone zuzendariaren JFK filmeko Clay Shaw pertsonaiarengatik. 2007an, In the Valley of Elah (Elahren haranean) film txalotuan egin zuen lanari esker, Oscar sarietarako izendatu zuten berriz, eta, urte horretan bertan, Oscar saria irabazi zuen Joel eta Ethan Coen anaien No Country for Old Men filmeko protagonista izan zen. Duela gutxi, K agentearen rola egin du berriz Men in Black 3 filmean, eta abenduan estreinatuko den Steven Spielbergen Lincoln filmeko protagonistetako bat da. Peter Webber zuzendariaren The Emperor filmaren errodajea amaitu berri du Zeelanda Berrian. Lan horretan, Douglas MacArthur jeneralaren rola egin du. Datorren urtean, Malavita filmeko protagonista izango da Michelle Pfeiffer eta Robert De Nirorekin batera. 1995ean zuzendari gisa hasi zen lanean kritika bikainak jaso zituen TV movie batekin: Elmer Kenton idazlearen The Good Old Boys eleberrian oinarrituriko TNT katearentzako egokitzapena. Zuzendari izateaz gain, aktore ere izan zen filmean, Sissy Spacek, Sam Shepard, Frances McDormand eta Matt Damonekin batera. 2005ean The Three Burials of Melquiades Estradafilmaren zuzendari, ekoizle eta protagonista izan zen. Filma, gainera, Canneseko zinema-jaialdian lehiatu zen, eta hari esker, aktore onenaren saria irabazi zuen. Duela gutxi, The Sunset Limited(2011) TV moviea zuzendu du HBO katearentzat. Bera eta Samuel L. Jackson dira filmeko protagonistak, eta Cormac McCarthyren lan batean dago oinarrituta. Bestalde, The Homesmanidatzi, ekoitzi eta zuzentzeko, eta filmeko protagonista izateko asmoa du. Pantaila txikian ere arrakasta ugari izan ditu. 1983an Emmy saria irabazi zuen The Executioner’s Song mini-telesaileko Gary Gilmoren rolagatik, eta 1989an Emmy sarietarako eta Urrezko Globoetarako izendatu zuten, Lonesome Dove mini-telesailagatik. Telebistarako egin dituen lan ugarien artean, The Amazing Howard Hughes (1977), The Rainmaker (1982) eta Cat on a Hot Tin Roof (1984) daude.