BEZaren igoeraren ondorioz,udalaren gastua 900.000 eta 1.300.000 euro artean haziko da
Polloe eta udal aterpetxeen zerga igoera bere gain hartuko du udalak; kultura eta garraioari dagokiozkionak, berriz, ez.
Udal gobernuko hainbat kidek bihar indarrean sartuko den BEZaren -balioari erantsitako zerga- igoerak udal aurrekontuan eta udal zerbitzuetan izango dituen ondorioen berri eman dute goizean. Ezar zitekeen neurri “bidegabeena” dela uste du Ondasuneko ordezkari Jabi Vitoriak; errenta kontuan hartu gabe, herritar guztiei berdin eragiten baitie. Horregatik, udal gobernua bere politika egiten jarraitzen saiatuko dela azaldu du, “lehentasuna pertsonak eta ongizate gizartea babestea” izanik. Udalaren gastua datozen lau hilabeteetan 900.000 eta 1.300.000 euro artean haziko dela aurreikusi dute. Urte guztira estrapolatuz, 2.700.000 eta 3.900.000 milioi euro artekoa litzateke.
Zerga bi modutan ezartzen da: Batetik, prezioren barruan; eta bestetik, salneurriari gehituz. Lehenengoen artean, udalak ezin du esku hartzerik egin. Hau uraren kasua litzateke. Vitoriak argitu duenez, honek %0,89ko igoera izango duela kalkulatu dute. Bigarrenen kasuan, diru sarreretan murrizketak eragin arren, udal gobernuak gehigarria arintzeko aukera du. Hala egitea erabaki du udal aterpetxeen eta Polloeko zerbitzuen tasen kasuan. Hauek salbuespena izango dira, ordea; “erantzukizunez jokatu” eta diru sarreren eta gastuen arteko oreka mantentzeko.
Donostia Kulturak eta DBusek prezioak igo beharko dituzte. Udalak hauei egiten dien ekarpena handitu ezin duela argitu du udal gobernuko bozeramaile Josu Ruizek; jada, 19,3 eta 13,3 milioi euro ematen baitizkie, hurrenez hurren. Hiriko autobus zerbitzuen BEZa %8koa izatetik %10ekoa izatera pasako da; baina igoera ez dute bihar nabarituko erabiltzaileek. Administrazio kontseiluak atzo onartu zuen, baina gauzatu aurretik, udalbatzarrak baieztatu beharko du. Mugikortasun zinegotzi Jon Albizuk urriaren 15-20 inguruan izango dela aurreikusi du. Bidaia bakarreko txartela 1,45 eurokoa izatetik 1,50ekoa izatera pasako da. Autobus txartela erabiltzen dutenek, berriz, zentimo bat gehiago ordainduko dute bidaiako. “Ez da gure gustukoa, baina hori gabe, urtero, 363.000 euroko finantzazio gehigarria beharko luke”. Aparkaleku publikoei dagokienez, %3 hazi da hauei ezarritako zerga.
Kultur ikuskizunak bereziki kaltetuko dituela nabarmendu du Kultura ordezkari Nerea Txapartegik. Izan ere, hauetarako sarreren prezioek %13ko igoera jasango baitute. “Kultur eragileekin bat egiten dugu, eta atzera egiteko eskatzen diogu Raxoiren gobernuari. Kulturaren aurkako politika da, gutxi batzuen eskuetan gelditzea eragin dezake”. Kaltea bikoitza dela gogoratu du Txapartegik, diru laguntzak ere murriztu baititu Espainiako gobernuak. San Telmo Museoan eta Festak atalean eragina txikiagoa izango da, hauei ezarritako zerga %8 izatetik %10 izatera pasako baita. Txapartegik argitu duenez, San Telmo Museoaren sarreraren salneurriari eustea erabaki dute. Zerga berrien ezartzeak, urtea amaitu arte 170.000 euroko galera ekarriko du; 450.000 eurokoa urtean.