Igeldoko jolas parkeak 100 urte bete dituela eta, ‘Aitonaren argazkia’ izeneko lehiaketa egin zuten, eta orain, jasotako irudiekin erakusketa bat zabaldu dute, parkean erabilpenik ez zuen txoko batean.

Garai bateko zinema aretoaren itxura du mantendu dute Aitonaren argazkia erakusketarako. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Igeldoko jolas parkeko gela bat berriro zabaldu dute, erabilpen zehatzik gabe urteak igaro ostean. Zoologiko txiki bat izan zen garai batean, eta kendu zutenean, zinema areto pare batek hartu zuen bere tokia. Azken zinema, hiru dimentsiotakoa zena, 90eko hamarraldian itxi zuten. Geroztik, trasteak gordetzeko erabili dute zinema areto ohia, baina orain berriro bisitarientzat zabalik dago. Zehazki, jolas parkearen mendeurrena dela eta, ospakizunen barnean,
Aitonaren argazkia izeneko argazki lehiaketa antolatu zuten, besteak beste. Hala, 1990 urtea baino lehen parkean ateratako irudiak berreskuratu dituzte parkeko arduradunek. Orain, bildutako argazkiekin ikus-entzunezko bat osatu dute, eta erakusketa moduan ipini dute txoko berean, atzera begirada berezia eginez. Lehengo astetik zabalik dago erakusketa aretoa, eta momentuz, astebururo irekitzeko asmoa dute. Hala ere, astean zehar baten batek ikusteko interesa badu, aukera izan dezake, bertakoei eskaera eginez.
Bi bideo osatu dituzte, bata euskarazko abestiarekin, eta bestea, gaztelerazkoarekin. Izan ere, Igeldo Mendia Elkarteak poema bat osatu zuen, eta hori oinarri hartuta, Marisol Vander-Vorstek euskarazko abestia sortu du, eta gaztelerazkoa, Xabier San Martinek. Euskarazko kantak country estilora jotzen du, eta gaztelerazkoak, berriz, pop ukitua du, La Oreja de Van Gogh taldearen ildotik.
Ursularen argazkiaren zain
Lehiaketarako 200 argazki inguru jaso zituzten, eta irabazleen izenak eman zituzten arren, oraindik ere argazkiak jasotzen jarraitzeko asmoa dute. Hala, oraindik ere bilduma mardulagoa osatzeko. «Ursula izeneko hartz bat egon omen zen zoologikoan, eta oraindik ez dugu bere argazkirik lortu», adierazi dio Irutxuloko Hitzari Pilar Pascualek, Igeldo Mendiko zuzendariak. Gainera, tximuen kaiola bat ere egon omen zen. «Jasotako argazki gehienak pottokenak dira, hori baita ohikoena», gehitu du. Beraz, lehiaketatik kanpo bada ere,
info@monteigueldo.es posta elektronikora bidal daitezke argazkiak, egilearen izenarekin.
Erakusketa gelari zahar ukitua eman nahi izan diotela dio Pascualek. Panpin berezi batzuk ere jarri dituzte, baina benetako itxura ikusteko, onena bisitatzea da.
‘Aitonaren argazkia’
- Zer. ‘Aitonaren argazkia’ lehiaketara aurkeztutako argazkiekin osatutako erakusketa.
- Noiz. Larunbatetan eta igandetan, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
- Non. Igeldoko jolas-parkean, tunelaren ondoan.
- Prezioa. Sarrera doakoa da.