John Travolta aktoreak jasoko du laugarren Donostia Saria
Irailaren 23an jasoko du Donostia Saria, Kursaal Auditorioan egingo duten galan
Zinemaldiaren 60. ekitaldiak John Travolta aktoreari emango dio aurten Donostia Sarietako bat; laugarrena izango da. Oliver Stone zuzendariak 60. urteurrenaren Donostia Sari Berezia jasoko du, eta beste biak Ewan McGregor eta Tommy Lee Jones aktoreei emango zaizkie. Travoltak Zabaltegi Perlak sailean aurkeztuko du bere azken lana, Savages. Oliver Stone zuzendariaren azken filma da.
John Travolta bi aldiz izendatu dute Oscar sarietarako. Horietako bat Quentin Tarantino zuzendariaren Pulp Fiction (1994) filmeko soldatapeko hiltzaile eta filosofoaren antzezpen bikainagatik. Berriz ere txalotu zuten zinema-ekoizle bilakaturiko mafiosoaren rolagatik, Get Shorty (1996) filmean, eta hari esker film luze bateko (komedia ala musikala) aktore onenaren Urrezko Globoa irabazi zuen. Horretaz gain, Critics Broadcast Association elkarteak ematen duen Alan J. Pakula sari entzutetsua ere irabazi zuen Steven Zaillian zuzendariaren A Civil Action (1998) filmean eginiko lanagatik. Urte horretan bertan, Urrezko Globoetarako izendatu zuten Mike Nichols zuzendariaren Primary Colors (1998) filmagatik, eta 2008an seigarren aldiz izendatu zuten Urrezko Globoetara, Hairspray arrakastatsuagatik.
Egin dituen film ugarien artean, nabarmentzekoak dira Saturday Night Fever (1977), hari esker lortu baitzituen Oscar sarietarako eta Urrezko Globoetarako bere lehenengo izendapenak, eta lanak 70eko hamarkadako disko fenomenoa piztu baitzuen. Lan hura aurkeztera etorri zen hain zuzen Zinemaldira, Donostiara. Ondoren etorri ziren Grease (1978), musikal ezagunaren zinemarako bertsioa, eta herritar kulturan eragin handia izan zuen Urban Cowboy (1980) arrakastatsua. Hona hemen egin dituen beste lan batzuk: Carrie (1976) eta Blow Out (1981) Brian De Palmaren thrillerrak; Amy Heckerling zuzendariaren Look Who‘s Talking (Hara nor dabilen hizketan, 1989) eta Nora Ephronen Michael (1996) komediak; Jon Turteltaub zinemagilearen Phenomenon (1996); John Woo zuzendariaren Broken Arrow (1996) eta Face/Off (1997), azken hau Nicolas Cage aktorearekin, eta The General‘s Daughter (1999), Madeleine Stowe aktorearekin. 2005ean Chili Palmer mafiosoaren azalean jarri zen berriz, Be Cool sekuelan. A Love Song for Bobby Long (2004) txalotuan ere ikusi genuen, Scarlett Johanssonekin.
Hona hemen Travoltaren lan berriago batzuk: Wild Hogs (2007) arrakasta handiko komedia; Ladder 49 (2004) akziozko thrillerra; The Punisher (2004) komikiaren zinemarako egokitzapena; Basic (2003) drama; Domestic Disturbance (Gezurtia etxean, 2001) thriller psikologikoa; Swordfish (2001) akziozko film arrakastatsua; zientzia-fikziozko Battlefield Earth (Gudu zelaia: Lurra, 2000), eta Lonely Hearts (Bihotz bakartiak, 2006) polizia-filma. Gainera, Tony Scott zuzendariaren The Taking of Pelham 1 2 3 (2009) filmaren remakean ikusi ahal izan genuen, Denzel Washingtonekin, eta bere ahotsa jarri zion animaziozko Bolt (2008) filmeko protagonistari.
2009an Old Dogs (2009) filmeko protagonista izan zen, eta bertan Robin Williams, Kelly Preston eta Ella Bleu Travolta aktoreekin egin zuen lan; hurrengo urtean, From Paris with Love (2010) akziozko thrillerra egin zuen Jonathan Rhys Meyersekin batera. Orain, Mark Steven Johnson zuzendariaren Killing Season filmaren errodajea bukatu berri du Georgian. Filmean Robert De Nirorekin egin du lan.