Fernando Sasiain alkatea izendatu dute San Telmo Museoko eraikin berria
Fernando Sasiain alkate errepublikarraren izena izango du aurrerantzean San Telmo Museoaren eraikin berriak. Izan ere, bera izan baitzen ondarea bildu eta orain 80 urte museoa inauguratu zuen alkatea. Eraikina izendatzen duen plaka eguerdian desestali du Juan Karlos Izagirre alkateak. Udaleko Txistulari Bandak jotako Agur jaunak kantaren doinuak lagun eta Sasiainen hiru iloba alboan zituela kendu du oihala Izagirrek. Plakak gogora dakar Sasiain udal gobernuaren buru izan zela 1930etik 1937ra bitartean. Urte horietan, II. Errepublikaren aldeko Donostiako Ituna Sasiainek Hernani kalean zuen etxean izenpetu zen; eta Estatutuaren idazketan ere parte hartu zuen. Omenaldi “xume eta ondo merezitakoa” herritar talde baten eskaera izan dela zehaztu du alkateak. Eskaera egin dutenetako batzuk, Pako Etxeberria auzitegi medikua edota Aquariumeko presidente Vicente Zaragueta ekitaldian izan dira. Bildutako jende multzoan, besteak beste, udal alderdietako ordezkariak ere bazeuden.