Ricardo Burutaran zinegotzia, gaur goizeko agerraldian (Argazkia: Estitxu Zabala)
Atletismo pistak kendu ahal izatea bideratuko du
Realzaleak poztuko dituen albiste baten berri eman du gaur goizean Ricardo Burutaranek, udaleko Etxebizitza eta Hirigintza zinegotziak. Burutaranen hitzetan, ostiralean udal gobernuak plan orokorrean aldaketak onartuko ditu, ‘AM.08 Anoeta’ izeneko inguruari dagokionean, Anoeta estadioaren birmoldaketa egin dadin. Hala, realzaleek hainbatetan eskatutako atletismo pistak kendu ahal izatea bideratuko dute. Aurreko udal gobernuak osatutako dokumentuari bi aldaketa nagusi egin dizkiote; batetik, Anoetako lursailak udalarena izaten jarraituko du, eta bestetik, inguruari eragin diezazkion kalteak gutxitzeko, estadioan jarriko dituzten lau dorreen altuera gutxitu dute, 26’50 metroetara. Aldi berean, Anoetaren birmoldaketaren kargu egingo den enpresak, estadioa errugbi partidak jokatzeko moduan utzi beharko du, eta gainera, Anoetako estadio txikia ere hobetu beharko du, ikusle gehiagorentzako egokituz. Birmoldaketa lanek lau urteko luzapena izango dutela dio Burutaranek, eta bitarte horretan, ez dutela estadioa itxiko. Hori bai, udalak ez du laguntza ekonomikorik emango, eta obrek 62’5 milioi euro inguruko gastua izan dezaketela kalkulatu dute.
Behin ostiralean udal gobernuak dokumentua onartu ostean, iraila bukaeran egingo duten osoko bilkuran ere baiezkoa eman beharko dute gainontzeko alderdien artean. Ondoren, Gasteizera bidaliko dute, eta hiru hilabeteren ostean onarpena jasotzea espero dute.