Bilduk dio ez zuela Uxotegiko okupazioarekin ezta udaltzaingoaren ekinbidearekin zerikusirik izan
Udaleko Bilduko ordezkari Axier Jakak agerraldia egin du goizean Uxotegiko okupazioa ikertu duen Gaztelubide 5 batzordeari buruz hitz egiteko. Ostiralean eztabaidatuko da ondorioen zirriborroa, baina honen edukia argitaratu ondoren, Bilduren ikuspuntua ezagutarazi du Jakak. Hilabeteotan hasieratik adierazitako susmoa konfirmatu dela adierazi du. “Udal gobernuak ez zuela ez okupazioarekin ezta udaltzaingoaren ekinbidearekin zerikusirik izan. Kontrakoaren froga bakar bat ere ez da, eta kontrakoa dioena gezurretan ari da”.
Batzordearen funtzionamenduan eta prozeduretan “irregulartasunak eta segurtasun falta” salatu ditu. Batetik, honen buru den udaleko PPko ordezkari Ramon Gomezek idazkian jaso baitu, okupazioa ikertu beharrean “batzordearen lana Udaltzaingoaren jokaera eta udalaren ustezko parte hartzea aztertzea”. Bestetik, dokumentuak kasuren batean “modu irregularrean eman eta konfidentzialtasunari errespeturik ez zaio izan”. Are larriago deritze filtrazioak, hauek udalaren eta Udaltzaingoaren irudia kaltetzeaz gain, batzordearen sinesgarritasuna eta bere presidentearen zalantzan jarri baitute. Tamalgarritzat jo du Jakak Gomezek bere salaketa “faltsua” dela onartu arren, “erantzukizun politikoa badela eta alkateak ere erantzukizuna duela baieztatzea”.