Inork aldarrikatu ez duen politikaria
Fernando Sasiain 1930 eta 1937 urteen artean Donostiako alkatea izan zen, 2.453 bozka jasota. 1936ko gerra aurreko gertakari politiko garrantzitsuetan parte hartu bazuen ere, pertsonaia ia ezezaguna da.
Fernando Sasiain Donostiako alkatea izateaz gain, 1936ko gerra aurreko urteetan berebiziko garrantzia izan zuten hainbat gertakariren parte izan zen. Hala ere, gutxi oroitua izan da. “Inork ez du aldarrikatu errepublikarra zelako”. Hitz horiekin azaltzen du Xabier Urmeneta psikologoak Fernando Sasiainen inguruko ahanztura. Iñaki Markez psikiatrarekin batera ia bi urte daramatza Sasiainen ingurukoak aztertzen. Bizitzako azken urteak psikiatrikoan igaro izana ere, hura gogoratzeko beste zailtasun bat izan daitekeela uste du.
Hernani kaleko 27an jaio zen 1984ko ekainaren 18an. Gurasoak tolosarrak zituen, Fernando Sasiain Munita prokuradorea eta Petra Brau. Valladolideko Unibertsitatean Zuzenbidea ikasi eta horretan jardun bazen ere, politikagintza izan zuen ogibide. “Klaseen arteko desberdintasunkin amaitzeko nahiak eraman zuen politikara. Bere ideologia ‘Gora Donostia, gora Euskadi eta gora errepublika’ esaldiak laburtzen du”, zehaztu du Urmenetak.
Gaztetatik aitaren ideologia jarraituz, alderdi errepublikarreko militante egin zen. 1920etik 1923ra bitartean zinegotzi izan zen, eta azken urtean, alkateordea. Miguel Primo de Riveraren diktadurarekin, alkate eta zinegotziak aukeratzeko modua aldatu zen: Gobernadore Zibilek izendatzen zituzten zinegotziak; eta hauek, alkatea. Horregatik, boteretik kendu zuten, 1923ko irailaren 12an.
Bizitza publikoa alde batera utzi zuen hainbat urtez, Primo de Riveraren diktadura amaitu eta 1876ko konstituzioa berriro indarrean jarri zuten arte. Agintariak aukeratzeko, 1930eko apirilaren 12an egin zituzten hauteskundeak; eta errepublikar-sozialistek irabazi zuten hirian. Sasiain izan zen bozka gehien jaso zituen zinegotzia, 2.453, eta alkate izendatu zuten.
Hirian arrasto ugari
Alkate gisa herritarren errespetua eta maitasuna izan zuen. Bere etsaiek ere aitortu zioten egindako lan ona. Hala 1943an auzipetu zutenean, alkatetza frankistak bere jokabide eta moralitate onaren berri eman zuen; eta buruzagi frankistek, berriz, “odol isurtzeen aurkako jarrera” zuela. “Garai txarra egokitu zitzaion; ez zen bere izaera dutenentzat egokiena. Ez zen gudaria, eta ez zuen bortizkeria estimatzen”, azaldu du Urmenetak. Horren erakusle gertakari bat dakar gogora: “Frankistak matxinatu aurretik istiluak izan ziren hirian, eta errepublikarren guardiek falangista bat hil zuten. Udalbatzan gertatutakoa gaitzetsi zuen, behin eta berriz errepikatuz denek eskubidea zutela bizitzeko eta nahi zutena pentsatzeko. Hori ez zela bidea, ez zela zilegi”.
Bere agintaldiak arrasto ugari utzi zuen hirian paisaian. Besteak beste, Zaragoza plaza, Nafarroa hiribidea nahiz Easo 43ko udal zerbitzuak eraiki zituen, eta egun Donostiako Ospitalea denaren lurrak erosi eta eraikitze lanak sustatu zituen. Bitxikeria gisa, berak inauguratu zuen Askatasunaren Hiribidea eta Hernani kalearen artean zegoen hiriko lehen semaforoa; eta halaber, Miramar Jauregiaren giltzak jaso zituen Niceto Alcala-Zamora presidentearen eskutik, jauregia hiriarentzat berreskuratuz.
1930eko hauteskundeen emaitzen ondorioz, Alfontso XIII erregeak Espainia utzi zuen, eta Donostiako Itunaren liderrek, II. Errepublika eta Niceto Alcala-Zamora buru zuen behin-behineko gobernua aldarrikatu zituzten. Ituna 1930eko abuztuaren 17an izenpetu zuten. Goizean Londres Hotelean aurretiazko bilera egin zuten oposizio errepublikarreko hamabost buruk; eta azkenean, Sasiainen Hernani kaleko etxean sinatu zuten. Bertan erabaki zuten Galiziak, Kataluniak eta Euskadik autonomia estatutua idatz zezaketela, eta Espainiako gorteetan berretsia izan beharko zutela.
Osasun arazoek bere bizitzan garrantzia handia izan zuten. Hala, 1932ko abuztuaren 24tik otsailaren 6a arte, alkatetza utzi zuen depresioagatik. Osatzean, estatutuaren alde egiten jarraitu zuen. EAJ eta eta Gestio Batzordeen proposamenak bateratzearen aldekoa zen Sasiain, eta gerora, Hemezortzien Batzordean parte hartu zuen. Honek Estatutuaren idazki bakarra prestatu zuen. 1933ko abenduaren 31n Espainiako Parlamentuan aurkeztu zenean, Sasiainek izan zuen Ministroen Kontseiluko eta Diputatuen Kontseiluko presidenteei eta Errepublikako presidente Niceto Alcala-Zamorari emateko ardura.
Erbestetik psikiatrikora
1936ko abuztuan dimititu egin zuen, baina bere erabakia ez zen inoiz gauzatu. Miliziano batzuek ia hil egin zuten; eta irailaren 12an, hiria hustean, Bilbora eraman zuten. Han, Jose Antonio Agirre lehendakari izendatu zuen hautaketan parte hartu zuen, urriaren 7an. Bilbo eraso zutenean, Santaderra joan zen, eta handik Bartzelonara; azkenik Lapurdin erbesteratu zen arte. Donibane Lohizune eta Ziburun izan zen 1939tik 1950a arte, aita eta anaiarekin. Espainiako poliziak hiru agente bidali zituen epaitua izan zedin Espainiara eraman zezaten. Ez zuten lortu. Gestapok bi hilabetez izan zuen Baionako kartzelan, baina ez zuen Espainiako poliziaren esku utzi.
Ondasun guztiak kendu zizkioten eta txirotasunean bizi behar izan zuen. Erbesteratutako errepublikar gobernuak eskatuta, gobernu mexikarraren laguntzei esker eta arrantza eginez aurrera egin zuen. Garai horretan bere osasun mentaleko arazoek okerrera egin zuten, eta bere buruaz beste egiten saiatu zen. Ondorioz, 1947 urtearen hasiera arte, zentro batean izan zen. Hil arte izan zituen depresio sakonekin hasi zen.
1950ko indultuari esker, Donostiara itzuli zen. Osasun egoera txarra zuen, eta sendategi psikiatrikoan ospitaleratu zuen “melankolia” zuelako. Osatu bezain azkar deklaratzera eraman zuten, behin behineko askatasuna lortuz. Urtebete geroago,berriro psikiatrikora itzuli zen, eta handik Palentziakora bidali zuten. Bertan izan zen 1957ko azaroaren 15ean melankolia larriak jota hil zen arte.
Urmeneta eta Markezen ikerketan baliagarri izan daitekeen Sasiaini buruzko edozein informazio dutenek fernandosasiain.alkatea@gmail.com helbidera bidal dezakete.