Michael Haneke.
FIPRESCI Sari Nagusia lortu du Michael Hanekeren azken lanak. Zuzendariak ezin izango du Donostiara etorri, eta Ramon Agirrek, filmean parte hartu duen aktoreak, jasoko du bere ordez garaikurra
Zinematografiako Prentsaren Nazioarteko Federazioak (FIPRESCI) Michael Haneke zuzendariaren
Amour filmari emango dio urteko film onenaren Sari Nagusia. Saria 60. Donostia Zinemaldiaren inaugurazio-galan emango diote, irailaren 21ean, Kursaal auditorioan. Fipresciko idazkari nagusi Klaus Eder-ek entregatuko dio saria filmean parte hartu duen Ramon Agirre aktore donostiarrari, Michael Haneke zuzendariak ezingo baitu inaugurazio-galara etorri.
Amour filmak inauguratuko du gainera Zabaltegi-Perlak saila. Joan den maiatzean Canneseko zinema-jaialdian Urrezko Palmorria irabazi zuen. Jean-Louis Trintignant, Emmanuelle Riva eta Isabelle Huppert dira protagonistak, eta filmak laurogei urte dituzten Georges eta Anne musika-irakasleen arteko harremanaz hitz egiten du. Haien arteko maitasuna kolokan jarriko da emakumeak bihotzekoa jasan, eta bere gorputza paralizatuta geratzen denean.
Hau da Michael Hanekek FIPRESCI Sari Nagusia irabazten duen bigarren aldia, Zinemaldiaren 57. edizioan ere irabazi baitzuen,
Das weisse Band (Zinta zuria, 2009) filmarekin.