Richard Oribe. (Argazkia: Richardoribe.com)
Richard Oribe igerilari donostiarrak ez du lortu bere Paralinpiar domina bilduma zabala handitzea. Ehunen gutxi batzuengatik ez zuen bere ibilbideko hamabosgarren paralinpiar domina lortu. Londresko lehen aukera ostiralean izan zuen, eta podiumetik kanpo gelditu zen estilo libreko 50 metroko proban. Oribe laugarrena izan zen finalean 39,74ko markarekin, Jan Pyvisil txekiarraren brontzetik oso gertu geldituz (39,47).
Gaur du orduko arantza ateratzeko aukera, estilo libreko 100 metroetako proban. Eguerdian sailkapen txanda du, eta sailkatuz gero, gauean, finalean izango da. Larunbatean 200 metroko proba du.