Udaltzainen jarreran Ibazetak eragin zuela uste du Gomezek
Uxotegiren ikerketa batzordeko presidentearen ustez, alkateak ardura politikoa du gertaeran
Iazko irailean Gaztelubide kaleko 5. zenbakian zer gertatu zen argitzeko, Uxotegiren ikerketa batzordea sortu zuten oposizioko alderdiek. Ramon Gomez PPko zinegotzia izateaz gain, Uxotegiren ikerketa batzordeko presidentea da, eta atzo agerraldia egin zuen. Urtarrilaren 25etik maiatzaren 8ra hamabi bilera egin ditu batzordeak Gomezen hitzetan, eta 21 orriko txosten bat osatu dute. Txosten horretako ondorioen berri eman zuen atzo. «Ezin izan dugu baieztatu udal gobernuak udaltzainei geldirik egoteko agindurik eman zienik; baina Josetxo Ibazeta han egoteak eta aurretik udal gobernuak Kukutzaren desalojoaren inguruan egindako adierazpenek eragina izan zuten udaltzainek ezer ez egitearekin». Hori dela eta, Bilduko ordezkariek eta Juan Karlos Izagirre alkateak berak ardura politikoa dute gertatutako okupazio hartan, Gomezen ustez, eta berriro halakorik ez gertatzeko neurriak hartu beharko lirateke.
«Bertan zeuden udaltzainek bulego zentraletik jasotako aginduak bete zituzten. Hori bai, agindu hori ez zen bera izan, hortik hilabete batzuetara Arte Ederren eraikina okupatu zutenean», azaldu zuen Gomezek. Hala, Bilduko ordezkarien jarraibideak jarraituz, udaltzainek Uxotegiren okupazioa nolabait baimendu zutela ulertarazi zuen Gomezek. Gainera, Axier Jaka partaidetza zinegotziak batzordearen bilerak maiz oztopatu dituela aipatu zuen Gomezek. «Jaka jaunaren helburua, Ibazetaren jarrera estaltzea izan da. Batzordearen ustez, eraikina okupatu zuten gazteen arduradun bezala jokatu zuen orduan alkatearen idazkaria zen Ibazetak». Gomezen hitzetan, alkateak ez du sekula onartu berak udaltzainek handik joatearekin zerikusia izan zuenik; baina hori baieztatzeko, egun hartako deiak aztertu nahi izan ditu ikerketa batzordeak; udal gobernuak, ordea, ez dio horretarako baimenik eman.
Bilduk 17 zuzenketa jarri ditu
Ostiralean bukatu zen txostenari zuzenketak egiteko epea, eta Bilduk 17 zuzenketa jarri dizkiola azaldu zuen Gomezek, hala ere, zuzenketa horien berri ez zuen eman, jarri dituenak azaldu behar dituela argudiatuz. Iraila bukaerako osoko bilkuran aurkeztuko dute txostena.


