Alkateak hiriaren egoerari buruzko eztabaida dei dezan eskatu du EAJk
Urrian egingo diren Eusko Jaurlaritzarako hauteskundeen aurretik egin dadila nahi dute udaleko jeltzaleek.
Udaleko EAJ-PNVk komunikabideetara bidali duen idatzi batean azaldu duenez, hiriaren egoerari buruzko eztabaida “udalbatzaren erregelamenduak mugatzen dituen datetan, hau da, irailean edo urrian zehar” deitzeko eskatu dio alkateari. Hilabete horietako egutegietan eztabaida aurreikusten ez zela ikusita egin dute eskaera; Debate horretan, udal gobernuak bere jardunaren lerro orokorrak azaldu behar ditu, eta oposizioak bere lana “fiskaltzeko” aukera duela argitu dute jeltzaleek.
“Eusko Jaurlaritzarako hauteskundeen gertutasunarengatik ezerosoa izan dakiokeen bere gestioari buruzko debatea ekiditeko” osoko bilkura atzeratzea “akats larritzat” jo du EAJ taldearen bozeramaile Eneko Goiak.


