Intxaurrondoko igerilekua itxita egongo da astelehentik. (Argazkia: Xabier Etxabe)
Hiriko hiru igerileku itxita daude une honetan, eta astelehenetik, erabiltzaileeek Intxaurrondokoan ere ezingo dute bainua hartu. Zuhaizti eta Etxadin bezala, mantentze lanak egingo dituzte bertan; eta Paco Yoldikoetan, aldiz, berritze lanak ez dituzte oraindik amaitu. Udaleko EAJko zinegotzi Martin Ibabek adierazi duenez, igerilekuen mantentze lana ezinbestekoa dela ulertu arren, egoera hori “ez da onargarria”. Gogoratu duenez, estalitako igerilekuek milaka herritarrek erabiltzen dituzte, eta hauen erdia itxita egongo da hilaren 10etik 19ra bitartean. “Planifikazio egokiagoa egin izan balitz udan, ez litzateke hau gertatuko. Egoera honek ezadostasuna eta ezinegona sortzen die erabiltzaileei”, gehitu du Ibabek. Zehaztu duenez, mendebaldeko igerilekuak itxiko dira irailean, eta ekaina nahiz uztailean ekialdean gertatu egoera bera sortuz. “Antolakuntza falta da, ez du inolako arrazoi ekonomikorik”, eta jeltzaleek gune publikoen bartzordean azalpenak eskatuko dizkiote udal gobernuari; arrazoizko azalpenik jasotzea aurreikusten ez duten arren.