Iñigo Aguayo (Argazkia: Olaia Gil Sanchez).
Mendeurrena bete du Esperanza elkarteak; Kontxako Bandera irabazi duen azken traineru donostiarra sortu zuen, besteak beste. Abenduan elkartearen historiaren hainbat pasarterekin liburu bat kaleratuko du Aguayok.
Parte Zaharreko Esperanza elkarteak 100 urte bete ditu. Gaur egun, elkarte gastronomiko baten funtzioak betetzen baditu ere, Esperanzaren historia kirolari hertsiki lotuta dago. Hain zuzen ere, Kontxako Bandera irabazi zuen azken traineru donostiarra osatu zuen. Elkarteko kide Iñigo Aguayok (Parte Zaharra, 1981) Esperanzaren historia bildu du liburu batean, tartean, pasarte ezezagunak ahanzturatik berreskuratuz. Argitalpenak abenduan ikusiko du argia, mendeurrenaren ospakizunei amaiera emateko. Aguayorentzat «ohorea» izan da liburua idaztea; ikerketa-lanaren ostean, elkartea eta Parte Zaharra bera «beste begiz» ikusten dituela aitortu du.
Nolatan sortu zuten Esperanza elkartea?
Ez dago ziurtatua, baina badirudi 1907an Parte Zaharreko koadrila batek futbol taldea sortu zuela. Orduan kirol profesionalik ez zegoen eta koadrilek euren artean partidak jokatzen zituzten. Esperanza nork sortu zuen ez dakigu, baina,1912an, elkartea eratu zuten. Donostian elkarte asko zeuden eta, honenbestez, haien aurka lehiatzeko aukera izango zuten, Bigarren Mailan.
Hortaz, Esperanza kirol elkarte gisa jaio zen.
Bai, eta futbolaz gain, beste kirol asko egiten zituzten. Orduan jendeak ez zuen kirol bakarra egiten; gaur egun, jendeak futbolera jokatzen badu futbolera jokatzen du eta saskibaloira jokatzen badu ba saskibaloira, baina, garai hartan, denetarik egiten zuten. Atletismoan ere aritzen ziren –pedestrismo deitzen zioten–, eta hori dela-eta, Fortunak antolatutako lehenengo Behobian, 1919an, Esperanzako bi kidek parte hartu zuten. Bazeuden oso korrikalari onak, baina agian beste elkarte batzuk gehiago sakontzen zuten atletismoan, eta atletismoan onenak hara abiatzen ziren.Beste hainbat kirolari ere izan zituzten: txirrindulariak, pilotariak (bai zesta puntan, erremontean, eskupilota edo palan), etabar.
Futbolean lorpen handiak egin zituzten.
Esperanza taldea Lehen Mailan jokatzera iritsi zen, Reala eta Real Union taldeekin batera. Igoera 1916an lortu zuen, baina 1920. hamarkadaren hasieran hasi ziren haiekin lehiatzen, orduan Gipuzkoako Futbol Federazioaren antolaketa ez baitzen oso ona. 1931. urtera arte oso txukun aritu ziren, baina urte hartan futbol taldea desegin zen dirurik ez zegoelako. 1929-30ean Liga Profesionala sortu zuten, eta gurean denak amateurrak zirenez, ez zuten maila hartan jokatzeko dirurik eta, gainera, ez zuten hori nahi ere, beraiek kirola egiten baitzuten maite zutelako. Urte batzuk beranduago, 1940an, futbol taldea berregituratu zuten, eta oraindik kirol talde gehiago sortu zituzten: eskubaloia, patinetako hockeya, arrauna, boxeo talde bat ere izan zuten bi urtez…
Gaur egun, Kontxako hondartzan egiten diren futbol txapelketak ere garai hartan jarri ziren abian, Esperanzaren ekimenez.
1940. hamarkadaren amaieran, Olegario Iturralde presidenteak hondartza txapelketa modukoa egitea proposatu zuen. Orduan, Frente de Juventudesi eskatu behar izan zioten baimena eta haren oniritziarekin antolatu zuten. Txapelketa haiek gaur egun arte iraun dute.
Halaber, arraunean sekulako trainerua eratu zuten.
Bai, badirudi 1947an arraunean hasi zirela, eta 1948an osatu zuten taldea. Traineru hartako arraunlari bat gelditzen da, Inus Etxeberria, eta hark azaldu zidan ez zutela entrenatzen. Arrantzaleak zirenez, batela hartu, arrauna egiten zuten nekatu arte, arrantza pixka bat egin eta gero itzuli egiten ziren. 1948an bateletan lehiatzeko taldetxo bat osatu zuten eta Madrilgo Retiron Espainiako txapelketa jokatu zuten. 60 taldek hartu zuten parte eta Esperanzak irabazi zuen –bandera elkartean dugu–. Koadrila oso ona zutela ikustean, lehian jarraitu zuten.
Garaipenak bata bestearen atzetik etorri ziren ondoren.
Bai, zoritxarrez, urte hartan trainerilletan ez zuten Espainiako txapelketa irabazi tolet bat hautsi zitzaielako. 1949an, aldiz, trainerilla eta traineruetan borroka sutsua izan zuten Pedreñarekin. 1950ean, Pedreñak gonbitea egin zien Santanderren lehiatzeko. Valdecillas-eko markesak mila pezeta ordaintzen zizkion Pedreñako arraunlari bakoitzari, eta hortaz, Kantabria guztiko arraunlari onenak han zeuden. Estropada antolatu zuten eta, hara non, iritsi ziren gure kideak, eta irabazi egin zuten –pentsa, bertako arraunlariek egun batzuk lehenago argazkia atera zuten banderarekin egunkarietan banatzeko!–. Zale guztiek lehia horren bigarren zatia espero zuten Kontxan, baina Valdecillas-eko markesak ordain-saria kendu zien Pedreñakoei eta ez zuten trainerua gurean aurkeztu urte askotan. Orduan, Esperanza iritsi zen; gainerako lehiakideak ez ziren hain indartsuak eta irabazi egin zuen. 100.000 pezeta eman zizkieten, 500eko billeteetan.
Traineru donostiar bat trapuarekin egin den azken aldia izan da 1950. urteko hura. Zer gertatu zen ondoren?
Esperanzak arraunarekin jarraitu zuen, baina arraunlariak fitxatu zizkiguten. Horrez gain, Hondarribiak eta Oriok urte hartan ez zuten trainerurik atera eta hiruzpalau lagun utzi zizkiguten. Guk trainerua ateratzen jarraitu genuen, baina beste maila batean. Gero, Donostiarra trainerua ateratzen saiatu ziren hainbat kirol elkarte eta guk ere parte hartu genuen, baina donostiarrik ez du berriro irabazi.
Gaur egun, ez duzue kirol talderik; nolatan desagertu ziren?
Kirola profesionalizatu ahala, gurean behera egin zuten kirol taldeek. Eskubaloia, pilota, saskibaloia etabar mantentzen saiatu ziren arren, guztiak desagertu ziren. 1980. urtean futbol taldea desegin zen, hamarkada haren erdialdean pilota txapelketa antolatzeari utzi zioten, dirurik ez zegoelako, eta azkenik, 1994an, txirrindulari taldea bertan behera geratu zen. Elkartearen azken taldea Esperanza Puertas Mavisa txirrindulari taldea izan zen. Iñigo Txaurreau pasaitarrak bertan korri egin zuen. Ordutik hona mus-txapelketak baino ez ditugu egin.
Kirol tradizioa eten izana penagarria da.
Bai, izan ere, hasieran, aitak bazkide egin ninduenean elkartea gustura egoteko leku bat bezala ikusten bainuen – lagunekin, familiarekin, mahai baten inguruan biltzeko…–, baina, orain, liburua idazten aritu ostean, oraindik gehiago zela konturatzen naiz. Hainbeste istorio kontatu dizkidate elkarteari eta Parte Zaharrari buruz, auzoan sartzean, leku batean eta bestean izandako eta gertatuko gauzetan pentsatzen geratu ohi naizela. Elkartera sartzean ere, bertan egunero elkartu ohi zirela datorkit burura eta kirol inguruko tertulia biziak izaten zituztela.
Liburuan, elkartearen historiako pasarte ezezagunak plazaratuko dituzu; 1912tik 1931 bitartekoak.
Jendeak ez dakizki garai hartako kontuak eta nik, elkartearen ibilbidea lantzeaz gain, horiek argitara atera nahi izan ditut. Parte Zaharrean uholdeak egoten ziren bakoitzean lokal askotan urak gora egiten zuen eta paper asko galdu dira. 25 urtetako egunkari zaharrak arreta handiz behatuz pasarteak berreskuratu ditut.
Zein motakoak dira, bada? Bitxikeriaren bat aurreratu diezaiokezu Irutxuloko Hitza-ri?
Denak kirolarekin lotuta daude. Adibidez, Esperanzako bi futbol jokalarik Valentzian jokatu zuten; beste jokalari bat, berriz, hemen hasi zen, Realak fitxatu zuen eta handik bi urtera Amsterdameko Olinpiar Jokoetan jokatu zuen, Espainiako selekzioarekin. Halaber, jende askok ez daki gure zelai propioa izan genuela; Donostian ez, ez genuelako dirurik lursaila erosteko, baina, bai, ordea, Andoainen. Zelaia berritu egin zuten, 1923an; gure futbol zelaia zen, baina beste hainbat talderi uzten genion jokatzeko –orain, bertan, Etxeberrieta izeneko auzoa dago–. Bestetik, 1915ean, Atotxa egin zutenean, Realak bertan jokatzen zuen, baina erabaki egin zuten beste talde batzuei ere zelaia uztea, eta lehen taldea han jokatzen Esperanza izan zen. 1916an, aldiz, Iruñeara joan ziren, igoera fasea jokatzera eta, bertan, Alemaniako gobernadore bat zegoen. Partida amaieran, hainbeste gustatu zitzaion Esperanzaren jokoa, zelaira jaitsi, kapitaina zoriondu eta 25 pezeta eman zizkiola.
Aurten, zein ekimen egin dituzue mendeurrena ospatzeko?
Ba danborradarekin hasi genuen urtea eta elkartearen ereserkia jo genuen lehen aldiz. Ereserkia 50. hamarkadakoa omen da, inork ez daki nork idatzi zuen, baina Piter Ansorena txistulariak musikatu du eta Los Incansables txarangarekin jo dugu. Halaber, ereserkiaz gain, 1950. urtean Kontxako estropada irabazi zuten arraunlariei ere pieza bat egin zieten garai hartan, eta hori ere, Piter Ansorenarekin batera jotzea lortu dugu – oso pieza berezia da–. Bestetik, bazkideek bazkari bereziak egin ditugu, mus txapelketa bereziak, ardo-dastaketa, barrikotea, beste elkarte batzuetako kideekin ere egin ditugu ospakizunak… Urte bukaera arte hala jarraituko dugu.
Noiz sortu zuten Esperanzako danborrada?
Berez, 1950ean osatu zuten, eta hartara, arraunlariak Santanderretik iritsi zirenean danborradak harrera egin zien. Dena den, egia esan, desastre hutsak ziren, eta hiru urtetan baino ez zuten atera. 1978a arte ez zuten berriz ere, fundamentuz, abian jarri.
Egun, gizon zein emakumeek parte hartzen dute bertan; elkarteko 155 bazkideen artean, ordea, ez dago emakumerik.
Oraingoz gizonezkoak baino ez gara bazkideak, nahiz eta emakumezkoak edozein ordutan sar daitezkeen: gosaltzera, bazkaltzera, afaltzera… Duela sei urte egin genuen aldaketa eta orduan, bazkideen emazteei galdetu zitzaien ea bazkide egin nahi zuten, baina ezezkoa eman zuten. Orain, emakumeren batek sartu nahiko balu, asanbladak erabakiko luke zer egin. Egia esan, oso pozik gaude aldaketarekin.
Zein da Esperanza elkartearen hurrengo erronka?
Pako Mutuberria gure presidenteak beti esan du taldetxoren bat nahi duela, nahiz eta hondartza-kirolean izan. Ni ados nago berekin. Beti izan da gure ametsa eta borrokatuko dugu lortu arte. Oraintxe bertan ezin da, dirurik ez dagoelako, baina batez ere irakurrita izan ginen guztia, «zergatik orain, ez?» pentsatzen dugu. Auzoko neska- mutilekin, futbol edo pilota taldetxo bat, behintzat. Bazkide askok pozik ikusiko lukete taldea lehiatzen. Gainera, argi dago aldaketa bat ere egon dela berdintasunerantz, eta hori ere pixka bat landu nahi dugu.