La Pop'lla taldeko kideak iaz, Karmengo jaietan eman zuten kontzertuan. (Argazkia: Aitor Urbieta)
Ez dira La Polla, eta ez dira Aguraingoak; baina Evaristoren taldearen kantak gustuko dituzte, eta haien bertsioak jotzen dituzte. Antiguako jaietan zuzeneko bat egiteko elkartu ziren, eta azkenean bi urte egin dituzte kontzertuz kontzertu. Orain agertokiak uzteko ordua iritsi zaio seikoteari. Larunbatean egingo dute azken zuzenekoa, Evaristo eta bere kideen herrian.
Antiguako San Sebastian jaietarako zerbait ikusgarria egiteko asmoz elkartu ziren; auzotarrentzako «morboa» zuen zerbait egin nahi zuten. Eta baita lortu ere. Gainera, haien proiektuak Antiguako mugak gainditu ditu: Donostiako Kaia, Orereta, Gasteiz, Bilbo, Iruñea… Bi urte eman dituzte agertokiz agertoki, La Pollaren bertsioak jotzen. Urrun iritsi diren arren, orain agur esateko unea iritsi zaie. Izan ere, taldekideak lanpetuta dabiltza, eta onena bakoitzak bere bidetik jarraitzea dela erabaki dute.
La Pop’lla dute izena, eta Antiguako La Polla izan dira nolabait. Auzoko zenbait gaztek sortutako musika taldea da. 2010eko San Joan jaietako parrandan murgilduta, Ion Martinezi La Pollaren bertsioak egiteko musika talde bat sortzea bururatu zitzaion.
Zergatik La Polla? «Taldearen hitzak eta mezuak hainbat belaunalditara iritsi direlako. Abestien letrak 40 urteko batek eta 20 urteko batek ezagutzen ditu. Ereserki bihurtu dira. Asko gustatzen zaizkigu letrak eta, gainera, 80ko hamarkadan zabaldu zituzten letra horiek oraindik zentzua dute», dio Martinezek. Aguraingo punk bandaren jarraitzaile amorratu gisa, gainera, bazuen eskarmentua haien kantak abesten; Trakets taldearekin
Salve eta
Txus kantatu izan dituelako.
3 Gabe 2 taldeko Mikel Arruti eta Ioritz Blanco gitarristek berehala eman zioten baiezkoa. Uda bukatu zen, eta antiguatar gehiago bilatzen hasi ziren: Not Enough taldeko Ladis Sistiaga eta Blaka taldeko Iñigo Ozaeta batu ziren proiektura. Seminarioan hasi ziren entseatzen, 3 Gabe 2 taldearen lokalean. Bi hilabete ibili ziren lan eta lan, Sansebastianetako kontzertua ondo prestatzeko.
Kolaboratzaile gehiago ere lortu zituzten. Martinezen antzerki kide Santi Kalzada La Pollaren letretako pertsonaiak antzezten hasi zen. Beste osagai bereizgarri bat ere ipini zioten La Pop’llari: Galizia etxeko Manuel Gomez gaita jotzailearen musika. «No somos nada abestian gaita jotzeko hartu genuen taldean», azaldu du Martinezek.
Zein izen eman La Pollaren bertsioak abesten dituen talde bati? La Polla, La Potota Prekoz, La Polilla… Eta azkenean, La Pop’lla.
Azkenean iritsi zen La Pop’llaren lehen emanaldia. Antiguako frontoia bete egin zuten San Sebastian jaietan, Blaka eta Ze Esatek! taldeekin batera.
Beste zenbait emanaldi egin ondoren, Ladisek taldea utzi zuen; eta haren ordez Blakako Ion Agiriano sartu zen La Pop’llan. Denbora igaro ahala, gero eta dei gehiago jasotzen hasi ziren, eta azkenean euren agenda betetzea ere ezinezkoa egin zaie.
Hori dela-eta, La Pop’llak agur esango die bere zaleei larunbat honetan. Agurainen, gainera; La Pollaren herrian. Gasteizko jaietan jo zutenean, Aguraingo Gazte Asanbladako kide batek gonbidatu zituen bere herrian jotzera. Eta jakina, La Pop’llarentzat ohore handia izango da.
Mimo handiz prestatu dute azken kontzertua, eta zalez inguratuta bizi nahi dute azken emanaldia. Horregatik, La Pop’llaren agurra ikustera joan nahi dutenek ez dute kontzertura ez joateko aitzakiarik izango. Izan ere, autobus bat irtengo da Antiguatik Agurainera. Antiguotarrak elkartean eta Dokan eskura daitezke txartelak, 10 euroren truke.Autobusa larunbatean irtengo da Antiguako anbulategitik, 17:30ean; eta 02:30ean itzuliko da Aguraindik.
Aguraingo zuzenekoa grabatu egingo dute, agurra betiko gorde ahal izateko. Batek daki… Martinezek iradoki duen moduan… «Ondoren material horrekin guztiarekin baliteke beste proiektu bat sortzea?».