Uxotegiko okupazioan udalak zerikusirik izan ez zuela dio Jakak
Gaztelubide 5 ikerketa batzordeko ondorioetan halakorik dioen «froga bakar bat» ez dela esan Bilduko kideak.
Udaleko Bilduko ordezkari Axier Jakak agerraldia egin zuen atzo Uxotegiko okupazioa ikertu duen Gaztelubide 5 batzordeari buruz hitz egiteko. Ostiralean eztabaidatuko da ondorioen zirriborroa, baina honen edukia argitaratu ondoren, udaleko Bilduren ikuspuntua ezagutarazi zuen Jakak. Hilabeteotan hasieratik adierazitako susmoa konfirmatu dela uste du Jakak. “Udal gobernuak ez zuela ez okupazioarekin ezta udaltzaingoaren ekinbidearekin zerikusirik izan. Kontrakoaren froga bakar bat ere ez da, eta kontrakoa dioena gezurretan ari da”. Hala asteartean batzordearen buru izan den Ramon Gomezek egindako baieztapenei erantzun zien. Izan ere, PPeko ordezkariak Juan Karlos Izagirre alkateak okupazioan “erantzukizun politikoa» esan baitzuen. Batzordearen lana oztopatzeko nahia egotzi zien Gomezek; baina Jakak argitu zuenez, Bilduren nahia “egia ezagutzea” izan da, ikerketa “seriotasuna, garantia eta egiazko irizpideak erabilitzea” bermatuz. Batzordearen funtzionamenduan eta prozeduretan «irregulartasunak eta segurtasun falta” salatu zituen, konfidentzialtasunari errespeturik izan ez zaiola azalduz. Era berean, hilabeteotan izandako filtrazioek, udalaren eta Udaltzaingoaren irudia kaltetzeaz gain, “batzordearen eta bere presidentearen sinesgarritasun” zalantzan jarri dutela gehitu zuen.
Bestetik, alkatearen idazkari ohi Josetxo Ibazetak “bitartekari” lana besterik egin ez zuela berretsi zuen Bilduko kideak.


