Kaikuk 3,92 segundoko aldea du Urdaibairekiko Kontxako Banderaren jardunaldi erabakigarriari begira. Antzeko egoeran ziren 2010ean, eta buelta eman zioten bermeotarrek. Kortak, haserre, arraun mundutik «martxa» egingo zuela iragarri zuen.
Kaiku eta Urdaibaren arteko lehia ez da berria, bai itsasoan eta baita lehorrean ere. Azken hilabeteetan bi kluben artean tirabira ugari egon dira, epaitegietan bukatu arte. Liskarren jatorrietako bat duela bi urteko Kontxako Banderan dago; orduan, Jose Luis Kortak dopin kontuekin lotu zituen bermeotarrak, Kontxako bigarren jardunaldian banderak ihes egin eta gero. Galtzailearen adierazpenak zirela esan zuten askok, baina hitz horiek oraindik jende askoren ahotan daude.
Joan den igandeko emaitzak ikusita, Kaikuk eta Urdaibaik 2010eko antzeko egoeran ekingo diote Kontxako Banderaren jardunaldi erabakigarriari. Kaikuk 3,92 segundoko aldea du Urdaibairekiko; duela bi urte, 1,42 segundokoa zen. Ekitaldi liskartsu hartan, bermeotarrak errentari buelta emateko gai izan ziren; eta ez hori bakarrik, Kortak zuzendutako ontzia lekutan utzi zuten; 13 segundora. Hortaz, trapua etxeratu zuten, seastaotarren atsekaberako.
Hori albiste izan zen, baina oihartzun handiagoa izan zuten, estropada amaituta, Kortaren adierazpenek. «Martxa egin behar dut arraun mundutik; ez du merezi. Guk estropada normala egin dugu, baina batzuk egin dutena ez da normala. Orain horren txarrak al gara ba? Iruzurtiak deitzen ziguten lehen guri, baina batzuk erakutsi duten hobekuntza ez da normala», adierazi zuen Ortzaikakoak.
Jose Manuel Francisco galiziarra izan da Urdaibairen entrenatzailea azken urtetan, Juan Mari Etxabe oiartzuarrak aurten haren lekukoa hartu duen arte. Egun hartan, Franciscok ez zuen Kortari erantzuteko aukera galdu. «Irabazten eta galtzen ikasi behar da. Nahi duena egin dezala Kortak», esan zuen.
Igandean ikusi beharko da zer gertatzen den, baina, momentuz, Kortak berean darrai, aste honetan egindako adierazpenak kontutan hartuz gero. «Etxaberen kontra ez dut ezer, nire arraunlaria zenean erlazio ona nuelako, baina berarekin ezin dut orain erlazio ona izan dagoen klubean egonda», azaldu du Kaikuko entrenatzaileak. Igandean, polemikaren kapitulu berri bat?