Dantza Hirian ekimena zortzi herritan zabalduko da gaurtik aurrera, hainbat jardueren bidez

Dantza Hirian ekimeneko partaideetako batzuk; Iñigo Ortega, Myriam Arkaia, Gorka Bravo eta Noemi VIana (Argazkia: Estitxu Zabala)
Zazpigarren urtez jarraian, Dantza Hirian ekimenak kaleak dantza ikuskizunez beteko ditu irailaren 13tik 22ra. Donostia, Irun, Donibane Lohizune, Baiona eta Errenteria-Orereta kaleko dantza saio txikien lekuko izango dira egun horietan, besteak beste, eta Azkaine, Hendaia eta Biarritzen ere bestelako jarduerak egingo dituzte, eskola bereziak, bideo emanaldiak, mahai inguruak… Donostian, zehazki, irailaren 14an bost ikuskizun kaleratuko dituzte artista profesionalek herritarren gozamenerako. Azken batean, antolatzaileen esanetan, dantza antzokietatik kalera ateratzea da ekimenaren helburua, dantza herritarrei hurbiltzeko asmoz. Horregatik, Dantza Hirianeko jarduera guztiak doakoak izaten dira beti.
Ceci nest pas une performance, Insitu, Escualido marsupial, Hipocondriaca eta
Rojo manso ikuskizunetaz gozatzeko aukera izango da Donostiako kaleetan. Horietako bi estreinaldiak izango dira, Frantziako Androphyne konpainiaren
Ceci nest pas une performance! eta Anakrusa konpainiaren
Insitu. Donostian sortu zen Anakrusa taldea, 2010ean, eta hiru kidek osatzen dute; Donostiako Noemi Viana eta Errenteriako Eneko Gil dantzariek, eta Loiolan bizi den Iñigo Ortega aktoreak.
Tempus-I izan zen Anakrusaren lehen ikuskizuna; antzoki itxietarako ordubeteko lana. Insiturekin, berriz, kalera irtengo da konpainia, eta elementu oso ezagun batekin jolastuko du, bankua. Viana eta Ortega Dantza Hirianen aurkezpenean izan ziren atzo, eta ikuskizunaren nondik norakoak eta sentsazioak zehaztu zituzten. «Bankua kaleko oso elementu adierazgarria da, eta bere ikuspegitik kalean gertatzen dena aztertuko dugu», azaldu zuen Vianak. «Kalean aritzea oso desberdina da, zoragarria», gehitu zuen Ortegak.
Bravoren argazki erakusketa
Bestalde, gaurtik irailaren 20ra, Gorka Bravo Intxaurrondoko argazkilariaren erakusketa egongo da San Telmo Museoan. Dantzan Hirian ekimenean ateratako bederatzi argazki handik osatzen dute erakusketa.
Dantza Hirian; Donostiako egitaraua
Gaurtik irailaren 20ra
- 10:00-20:00. Intxaurrondoko Gorka Bravoren argazki erakusketa, San Telmo Museoan.
Gaur
- 19:30. Rogel Gual zuzendariaren Dancing Cities film dokumentalaren emanaldia, San Telmo Museoan.
Irailak 14
- 11:00-13:00/16:00-18:00. Frantziako Androphyne konpainiaren Ceci nest pas une performance! ikuskizuna, Bulebarrean. Estreinaldia.
- 18:00. Anakrusa konpainia donostiarraren Insitu ikuskizuna, Bulebarreko kioskoan.Partaideak: Iñigo Ortega, Noemi Viana eta Eneko Gil. Estreinaldia.
- 18:00. Ciudades que danzan (Dantzatzen duten hiriak) bideo zikloa, Fnacen.
- 18:20. Madrilgo Manuel Rodriguez eta Elias Agirreren Escualido marsupial ikuskizuna, Bretxa merkataritza gunean.
- 18:40. La Habanako Maura Moralesen Hipocondriaca ikuskizuna, Bretxa merkataritza gunean.
- 19:00. Bartzelona eta Gasteiz arteko La intrusa danza konpainiaren Rojo manso ikuskizuna, San Telmo Museoan.
Irailak 15
- 12:00. Ciudades que danzan (Dantzatzen duten hiriak) bideo zikloa, Fnacen.