
Donostiako Zinemaldiaren aurkezpen ofiziala egin dute gaur goizean (Argazkia: Estitxu Zabala)
Dustin Hoffman aktote estatubatuarrak bosgarren Donostia Saria jasoko du. Hala, bera izango da Zinemaldiko itxiera galaren protagonista. Hollywoodeko aktore ezagunak bi Oscar irabaziak ditu, eta ibilbide oparoa osatua du zinemaren munduan. Zinemaldia amaitzeko, Hoffmanek zuzendari moduan egin duen lehen lana emango da:
Quartet. Kameraren beste aldean, Hoffmanek aktore talde bikaina zuzendu du: Maggie Smith, Michael Gambon, Billy Connolly, Sheridan Smith, Pauline Collins, Tom Courtenay, Trevor Peacock, David Ryall eta Luke Newberry, besteak beste.
Quartet Beecham House erretiratutako opera abeslarientzako egoitzan gertatzen da. Reggiek, Wilfek eta Cissiek urtero kontzertu bat antolatzen dute Giuseppe Verdiren urtebetetzea ospatzeko. Bat-batean, egoitzara paziente berri bat iritsiko da: Reggieren emazte ohia, Jean. Eta lehengo bizimodu lasaia aldatuko du. Baina, onartuko al du beraiekin laukotea osatzea, kontzertuan parte hartzeko?
Dustin Hoffman Los Angelesen jaio zen. Aktore izateko ikasketak egin zituen Los Angeleseko Kontserbatorioan eta Pasadena Playhousen eta, ondoren, baita New Yorkeko Actors Studio ospetsuan ere. Publizitatearen munduan lehen pausoak eman ostean, Off-Broadway antzokian hasi zen lanean, eta, ondoren, baita telesailetan ere. Zineman 1967an egin zuen debuta,
The Tiger Makes Out filmarekin. Gainera, urte horretan bertan izar bihurtu zen goizetik gauera Estatu Batuetako zinema modernoaren film adierazgarrienetako bateko protagonistarena egiteari esker: Mike Nicholsek zuzendutako
The Graduate filmeko protagonista, alegia. Aktore onenaren Oscar sarirako izendatu zuten, eta Hollywoodeko ateak ireki zizkioten. Berriro ere izendatu zuten Oscar saria eskuratzeko, beste antzezpen ahaztezin batekin: John Schlesinger zuzendariaren
Midnight Cowboy (1969) filmeko Ratso Rizzo antzeztu izangatik, hain justu. Hurrengo urteetan, film ospetsuetan egin zuen lan: Arthur Pennen
Little Big Man (1970), Sam Peckinpahen
Straw Dogs (1971), Franklin J. Schaffneren
Papillon (
P1973
), Bob Fosseren
Lenny (1974) -Oscar sarirako beste izendapen bat lortu zuen-, Alan J. Pakularen
All the President´s Men (1976) edota John Schlesingeren
Marathon Man (1976).
Lehen Oscar saria 1980an irabazi zuen,
Kramer vs. Kramer (1979) filmean egindako lanagatik. Halaber, Sidney Pollack zuzendariaren lanik ezagunetako batean (
Tootsie, 1982) egindako lanagatik berriz izendatu zuten. 1989an, bigarren Oscar saria jaso zuen bere ibilbide profesionaleko beste lan arrakastatsuenetako bati esker: Barry Levinsonek zuzendutako
Rain Man (1988) filmari esker, hain zuzen ere. Beste behin ere izendatu zuten Robert de Nirorekin batera egin zuen Levinsonen
Wag the Dog (1997) filmean egindako lanagatik.