Hiriko igerilekuen erdia itxita dagoela salatu du EAJk
Jeltzaleen ustez egoera “ez da onargarria”, eta kirol arloan«koordinazio handiagoa» eskatu diote udal gobernuari.
Hiriko hiru igerileku itxita daude une honetan, eta astelehenetik, erabiltzaileek ezingo dute Intxaurrondokoan ere bainua hartu. Izan ere, Zuhaiztin eta Etxadin bezala, mantentze lanak egingo baitituzte bertan. Paco Yoldiko igerilekuak, aldiz, berritze lanak egiteko itxita egon dira uda osoan. Ondo bidean, hilaren 17an amaituko dituzte lanak. Hori horrela, hilaren 10etik 19ra bitartean, hiriko igerilekuen erdia itxita egongo da. Nahiz eta hauen mantentze lana ezinbestekoa dela aitortu, udaleko EAJko zinegotzi Martin Ibaberen ustez, lauak aldi berean ixtea “ez da onargarria”. Horregatik, kirol arloan “koordinazio handiagoa” eskatu zion, atzo, udal gobernuari. “Udarako planifikazio egokiagoa egin izan balitz, ez litzateke hau gertatuko. Egoera honek ezadostasuna eta ezinegona sortzen die erabiltzaileei”, gehitu du Ibabek. Estalitako igerilekuek milaka herritarrek erabiltzen dituzte. Datozen egunetan, hiriaren mendebaldean daudenak itxiko dituzte; ekainean eta uztailean ekialdekoekin egin zuten bezala. Ibaberen hitzetan “honek jende pilatzeak eta leku aldatze zentzugabeak eragiten ditu”. Aurreratu zuenez, Gune Publikoen batzordean azalpenak eskatuko dizkio udal gobernuari, “arrazoizko argibiderik” jasotzea aurreikusten ez badu ere. “Antolakuntza falta da, ez du inolako arrazoi ekonomikorik”, gehitu zuen jeltzaleak.