Kutxa Kultur Festibala iritsi da
Igeldoko jolas-parkea ia guztiz eraldatuko da bi egunez, izan ere, gaur eta bihar, musika alternatiboaren jaialdi erraldoiaren eszenatoki bihurtuko da; Maximo Park, The Horrors eta Love of lesvian izango dira, besteak beste.
Martxoan jakinarazi zuten antolatzaileek Kutxa Kultur Festibalaren bigarren ekitaldia Igeldoko jolas parkean egingo zutela; aisialdi gunearen mendeurrenarekin bat eginez. Orduko hartan, musika alternatiboaren inguruko jaialdi potolo bat egingo zutela zabaldu zuten, baina beste ezer gutxi. Ordutik, ordea, pixkanaka informazio gehiago eman dute jaialdiko kideek. Jaialdian joko zuten tokiko taldeen izenak eman zituzten, eta nazioartekoenak gerora. Bazirudien ez zela sekula iritsiko kontzertuez gozatzeko eguna, baina bai, iritsi da Kutxa Kultur Festibala. Jolas parkea itxura aldatzen hasi zen pixkanaka atzo, muntaketa lanekin hasi baitziren langileak; eszenatokia, argiak, janari postuak… gaurko guztiak prest egon beharra zuen eta. Agertoki nagusian, Maximo Park, The Raveonettes, The Whip eta Russian Red ariko dira gaur, 18:00etan hasita. Bihar, larunbata, The Horrors, Love of lesbian, Los Campesinos!, Delorentos eta Anari izango dira. Parkeko agertokian, berriz, Naica, Patta eta sendaezinak, Correos, Lolas Club eta Peachy Joke ariko dira gaur, 16:30ean hasita; eta bihar, Muturbeltz, Inra, Anai Arrebak, Wilhem & The dancing anomas eta Gora gora kids.
Guztientzako jaialdia
Sei mila sarrera saldu zituztela zioten atzo antolatzaileek, eta egun bakoitzerako 4.500 salgai zeudenez, gaur ere sarrerak erosteko aukera egongo dela dirudi. Gainera, kontzertuez gain, jolas parkeaz gozatzeko aukera egongo da, eta jarriko dituzten hainbat postuetan zer jan eta edan egongo da. Kontuan izan behar da, auto eta motorrentzako sarrera itxia egongo dela, beraz, Dbuseko autobus bereziak edo funikularra hartu beharko dira igotzeko.
Kutxa Kultur Festibala
- Noiz. Gaur eta bihar.
- Non. Igeldoko jolas parkean.
- Sarrerak. www.kutxasarrerak.net webgunean. Gainera, bi txarteldegi egongo dira jaialdiaren eremuaren sarreran, autobus geltokiaren ondoan, eta Funikularraren txarteldegian.
- Prezioa. 10 euro.



