
Udaleko Berdintasun eta Lankidetza atalak Oreka elkartearekin batera menpekotasun egoeran daudenen zaintzaz arduratzen diren lagunei buruzko diagnostikoa aurkeztu du. Ikerlanaren emaitzetan oinarrituta abian jarriko duten plana ere zehaztu dute.
Euren etxean zaintza lana egiteagatik udal laguntzaren bat jasotzen duten 100 lagunekin hitz eginda osatu dute ikerketa. Nola moldatzen diren, nork egiten duen lan eta beraien bizitza nola baldintzatzen duen galdetu diete. Datu esanguratsuenen artean, zaintzaz arduratzen direnak gehien bat emakumezkoak dira, %85 inguru. Kanpoan lan egin ez duten belaunaldietakoak dira nagusiki, eta zaintza “tokatzen” zaien zerbait dela sentitzen dute. Halaber, gizonezkoei gehiago aitortu eta eskertzen zaiela ondorioztatu dute, emakumezkoek gehiago aintzatestea nahiko lukete, ordea. Hala ere, “maite duten pertsona hori baldintza onenetan zaintzea” ez lukete aldatuko. Nabarmendutako datuen artean, senideek zaintzea nahi duten emakumezkoak %40 besterik ez dira, gizonezkoak, aldiz, %76 dira.
Txostena osatzen dutenetan oinarrituta, udalak abian jarriko duen plana ere ezagutarazi du. Hiru lerro nagusi izango ditu: emakumeen jaetzea, administrazioak eskaintzen dituen baliabideen eta zerbitzuen berri ematea, eta ekonomia nahiaz lan arloko politikak.