Zinemaldiko Sarrerei BEZaren igoera gehitu diete
Donostiako 60. Nazioarteko Zinemaldiaren aurkezpen ofiziala egin dute gaur goizean. Bertan, Jose Luis Rebordinosek azaldu duenez, Zinemaldiko sarrerei BEZaren igoera gehitu diete. Hala ere, gogorarazi du, azken bi urteetan sarrerek ez dutela igoerarik izan, ezta KPIarena (Kontsumo Prezioen Indizea) ere. Edonola, 10 sarrera baino gehiago erosten dituztenek deskontua izango dute aurten ere. Aurreko urteetan, %20koa izan da 10 sarreratik gora erosten zituztenentzako deskontua, aurten, ordea, %25ekoa izango da.
Irailaren 14an, 10:30etik aurrera, Sail Ofizialeko galetarako sarrerak Internet, Telekutxa eta Kutxako gainontzeko bideetan erosteko aukera izango da. Irailaren 16an, berriz, 9:00etatik aurrera, gainontzeko saio guztietarako sarrerak kanal guztien bidez egongo dira salgai; Zinemaldi Plazako leihatiletan, Kursaal Elkarguneko leihatiletan, Kutxan, Telekutxan eta Internet bidez (www.sansebastianfestival.com eta www.kutxa.net). Era berean, irailaren 21etik aurrera, Viktoria Eugenia Antzokian, Antzoki Zaharrean eta Principe eta Trueba zinemetan sarrerak erosteko aukera egongo da. Antiguo Berri zineman, berriz, irailaren 22an ipiniko dituzte salgai sarrerak. Belodromoko saioetarako sarrerak , gainera, Anoeta estadioko 23. leihatilan salduko dituzte, saioak hasi baino bi ordu lehenago.