Zubietako Herri Batzarrak atez ateko sistema bere kabuz ezartzeko duen asmoa salatu du Eneko Goiak
Zubietako Herri Batzarrak hondakinen atez ateko bilketa ezartzea eskatu die Donostiako eta Usurbilgo udalei. Azaroaren 1a baino lehen hala egiten ez badute, Batzarrak bere kabuz sistema abian jarriko duela aurreratu du. Albistea Noaua aldizkariak bere webgunean jaso du, eta horretan oinarrituta, udaleko EAJko bozeramaile Eneko Goiak adierazpenak egin ditu. Gai “kezkagarria” dela esan du eta “larritzat” jo du udalari ultimatum bat egitea.
Goiak azaldu duenez, Batzarrak halakotarako “eskumenik ez du”, eta Juan Karlos Izagirre alkateari galdetu dio honen aurrean hartuko dituen neurrien inguruan.”Udal gobernuak lehenbailehen eten behar du Zubietako Batzarraren asmo ilegala, Donostian hondakinak biltzeko sistema bakarra udalbatzak erabakitakoa dela argi utziz. Bestela, agerian geldituko da atez atekoa ezartzeko Ezker Abertzalearen estrategia dela”. Halaber, Goia kexu agertu da idatzian esaten den bezala erabakia “udalari jakinarazi bazaio”, honek horren berri eman ez dielako.