Hirurehun bat lagunek soilik aurkitu dute lana udan
Donostian 10.677 langabe daude, abuztuaren 31ko datuen arabera, iaz baino 1.201 herritar gehiago.
Garai batean ez zen horren zaila izaten uda partean lana aurkitzea. Bada, krisi garaian bete-betean murgilduta gauden honetan, egoera hori ere goitik behera aldatu da. Hain zuzen ere, ekaina, uztaila eta abuztuan, 10.600 langabe ingururen bueltan ibili da hiriko langabezia tasa. Maiatzean 10.980 herritar lanik gabe zeudela kontutan hartuta, uda sasoiak hirurehun bat herritarri soilik lan egiteko aukera eman diela ondoriozta daiteke. Izan ere, abuztuaren 31ko datuen arabera, 10.677 langabe zeuden Donostian. Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoaren Lan Behatokiak emandako zenbakiak dira hauek, Lanbideren zerrendetan oinarrituta.
Iazko datuak begiratuz gero, egoera kezkagarria dela esan daiteke. Krisi ekonomikoak gogor astindu zuen hiria, baina atsedena eman zien donostiarrei udako hilabeteetan. 2011ko maiatzean 10.302 langabe zeuden; urte bereko abuztuan, 9.476. Horrenbestez, iazko uda sasoian 826 donostiarrek lortu zuten lana; aurten baino ia hiru aldiz gehiago.
Donostiarren artean, Zerbitzuen arloa da langabe kopuru gehien biltzen dituen sektorea, abuztuaren 31ko datuen arabera. Hain zuzen ere, 7.925 pertsona daude lanik gabe Zerbitzuetan. Industria arloan, 1.101 langabe daude; eta Eraikuntzan, 908. Altza da lekurik kolpatuena. 1.684 langabe daude bertan.