Maria Angeles Tapias: "Langileak lanean ari zirela, kaleratze eskutitzak eman zizkieten, eta zuzenean etxera bidali zituzten"
Kaleratzeak nagusitzen ari dira Donostian egoitza duen Gipuzkoako Poliklinikan, krisian dagoela argudiatuz. Maiatzean, bost langile kaleratu zituzten, eta 28 gehiago geratu ziren lanik gabe abuztuaren 30ean. Mamen Moneo, Erizaintzako Teknikarien Sindikatuko Gipuzkoako idazkaria da, eta Maria Angeles Tapias, berriz, Poliklinikako langilea. Gertatutakoaren berri jaso du IRUTXULOKO HITZAk Moneoren eta Tapiasen ahotik. “Abuztuaren 30ean enpresa batzordeak deia egin zigun. Dagoeneko kaleratuko zituzten langileak erabakiak zituztela esan ziguten, eta bilera bukatu bezain laster kaleratzeekin hasiko zirela. Langileak lanean ari zirela, kaleratze eskutitzak eman zizkieten, eta zuzenean etxera bidali zituzten. Hori bai, 15 eguneko aurrerapenarekin ez jakinarazteagatik zegokien dirua eman diete”, azaldu du Tapiasek.
Kaleratuen artean, 60 urteko langileak daudela diote, eta gehienak bertan lanean urte asko zeramatenak direla. Kezka eta haserrea nagusi dira langileen artean, ez baitakite zer gertatuko den aurrerantzean. Protesta moduan, aste honetan arratsaldero Poliklinikaren sarreran eserialdia egiteko asmoa dute langileek. Biharko egunkarian elkarrizketa zabala argitaratuko du egunkari honek.