‘Bikoizketa versus azpidatziak’ erakusketa ikusgai egongo da Okendo kultur etxean, urriaren 13a arte

Okendo kultur etxeko erakusketa aretoan telebista pantailak jarri dituzte. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Eztabaida plazaratu dute Groseko kultur etxean, Bikoizketa versus azpidatziak erakusketaren bidez. Azken batean, ikus-entzunezkoen arloan bi itzulpen eredu erabiltzen dira, bikoizketa eta azpidatziak; bietako zein den egokiagoa? bakoitzak bere ondorioa atera beharko du, erakusketa bisitatu ostean. Bikoizketaren bidez, jatorrizko lanaren ahotsa kendu eta bertako hizkuntzaren ahotsagatik ordezkatzen da; azpidatziekin, berriz, errespetatu egiten da jatorrizko lanaren osotasuna, eta bertako hizkuntzan idatzitako testua gehitzen zaio. Subtitulam enpresa izan da erakusketaren bultzatzailea, Donostia Kultura eta Frederic Chaumeren laguntzarekin, ikus-entzunezko intzulpengaintzan katedraduna.
Erakusketa arina izatea nahi zuten arduradunek, eta horretarako, telebista pantailez bete dute aretoa. Bertan, film, telesail eta marrazki bizidun ezagunen zatiak ikus daitezke, euskaraz eta gazteleraz. Inguruan, marrazki eta testuak ere jarri dituzte. Astelehenean aurkeztu zuten erakusketa, eta zehaztasunak eman zituzten Subtitulameko Alfredo Alvarezek eta Donostia Kulturako zinema ataleko arduradunak, Josemi Beltranek.
Alvarezek argi utzi zuen erakusketaren helburua; «Historia kontatu eta eztabaida zabaldu nahi dugu bikoizketa eta azpidatzien artean. Hamabost urte daramatzagu honetan lanean eta beharrezkoa den arren, ia ezkutuko lanbide bat da».
Ikus-entzunezkoen historia biltzen du erakusketak, duela ehun urte ingurutik hasita. Bertan ikus daiteke, itzulpengintzaren lehen arazoa zinema mutuaren jaiotzarekin abiatu zela. Publiko guztietara iristeko, tartean azaltzen ziren esaldiekin zer egin erabakitzerakoan. Hiru multzo handitan banatua dago eraakusketa, ikus-entzunezko itzulpengintzari lotutako zinemaren bilakaeraren unerik garrantzitsuenak; Azpidatzien eta bikoizketaren arteko eztabaida, bakoitzaren alde on eta txarrak; Ikus-entzunezko itzulpenaren zehaztasuna.
Euskarazko zinema
Euskarazko zinemari dagokionean, Josemi Beltranen esanetan, argi eta garbi lotua dago Euskal Telebisterekin. «Euskarazko bikoizketaren aldeko apustua egin du», aipatu zuen.
Erakusketaren harira, irailaren 25ean Alfonso S. Suasezen Voces en imagenes dokumentala emango dute kultur etxean bertan. Espainiako bikoizketan aritzen direnei buruzkoa da, eta beren lanbideak dituen alde on eta txarrei buruz dihardu. Dokumentalaren ostean, mahai ingurua egingo dute.
Bikoizketa vs. azpidatziak
- Zer. Zinema erakusketa bat, Bikoizketa versus azpidatziak.
- Noiz. Urriaren 13ra arte.
- Non. Groseko Okendo kultur etxean.
- Prezioa. Sarrera doakoa da.