Luis Berdejok idatzitako thriller bat filmatzen ari dira Donostian
Tres-60 izena du gidoilari donostiarraren lan berriak
Surf munduan girotutako film berria errodatzen ari dira hirian; Tres-60 izena du, eta Luis Berdejo (REC, La otra hija) gidoilari donostiarrak idatzitako lana da. Alejandro Ezcurdia ari da zuzendari lanetan. Raul Merida eta Sara Salamo aktoreak izango dira protagonista nagusiak; euren lehen film luzea izango da. Merida surfzale baten larruan sartuko da. Ustekabean argazki karrete zahar bat aurkituko du. Errebelatua egin eta gero, irudi misteriotsuak eta aurpegi ezagun bat aurkituko ditu bertan. Argazki horiek zein sekretu gordetzen duten ezagutzea misio arriskutsu bihurtuko da.
Astelehenean hasi ziren filmatzen Donostian; Kaian eta Ibaetan, unibertsitateetan. Gipuzkoako beste herri batzuetan ere ari dira lanean, Zumaian, besteak beste. Guztira zortzi asteko errodajea izatea espero dute, eta zinema aretoetan hurrengo urtean bertan estreinatzea espero dute. Bowfinger Intl Pictures, Antena 3 Films, Zinea Sortzen eta ETBk ekoiztutako lana da. Donostiako Udala eta Eusko Jaurlaritzaren babesa ere badu.