Ofizioko abokatua ere ikaratu egin zen
Xabier Atristain donostiarra aske geratu da behin behinean, bi mila euroko bermea ordainduta. Bi urtez egon da espetxean, Guardia Zibilaren esku tortura latzak salatu eta gero.
Espetxean bi urte igaro eta gero, Xabier Atristain donostiarra aske geratu da behin behinean, bi mila euroko bermea ordainduta. Epaiketaren zain dago orain. Gaur egun Alboloteko (Granada) kartzelan zegoen, Donostiatik 870 kilometrora.
Atristainen kasua ez da oharkabean pasa; atxilotu zuten garaian, batez ere. Hain zuzen ere, 2010eko martxoan bere burua aurkeztu zuen Biarritzeko komisaldegian, eta hilabete geroago Espainiaratu zuten. Apirilaren amaieran, dena den, aske geratu zen. Irailaren bukaeran, ordea, Guardia Zibilak atxilotu zuen, eta inkomunikatuta egon zen bost egunetan tortura latzak jasan zituela salatu zuen. Orduz geroztik, kartzelan izan da.
Inkomunikazio epea bukatu zenean, epailearen aurrera eraman zutenean, donostiarraren egoera hain zen kezkagarria, ofizioko abokatuak ez zuela deklarazioa sinatu; halaber, inkomunikazioaren aurka zegoela jakinarazi zion epaileari. Oso gutxitan, inoiz ez esateagatik, gertatu da halakorik. Izan ere, atxilotutako euskal herritarrei konfiantzazko abokatua izateko aukera ukatu ohi zaienez, ofizioko abokatuak ez dira normalean ur handitan sartzen.
Hurrengo egunetan, Atristainek pairatutakoaren berri eman zuen Amnistiaren Aldeko Mugimenduak; inkomunikazio epean jasandako tratuaren berri, alegia.
Ondorengo lerroetan, Xabier Atristainen lekukotasuna berreskuratu du Irutxuloko Hitzak, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak berak jasota.
Konorterik gabe
«Atxiloketa unea lasaia izan zen. Guardia Zibilaren autoan sartu zutenean hasi zen bost egunez luzatuko zen torturaren infernua. Autoan poltsa jarri zioten buruan, oso estu, arnasarik gabe utziz eta ia itotzeraino. Bi aldiz galdu zuen konortea Madrilera bidean. Argi du Guardia Zibilek oso kontrolatua zutela noiz arte eduki poltsa buruan, noiz galduko zuen konortea eta abar».
Poltsa buruan
«Madrilera iritsi bezain laster hasi ziren Guardia Zibilen galdeketak, luzeak, Guardia Zibil askoren parte hartzearekin eginak, abokaturik gabeak, erabat legez kanpokoak. Poltsa askotan jarri zioten buruan, estutuz, arnasarik gabe uzteraino. Bi aldiz botaka egin zuen, ez zuen ezer botatzeko eta bilisa botatzen zuen».
Ur hotza gorputzetik
«Goma espumarekin biltzen zuten, izerditan blai zegoela buruan poltsa jartzen zioten. Ondoren ur hotza botatzen zioten gorputzean, sekulako kontrastea eraginez. Bi aldiz takikardiak eman zion eta medikamentua eman zioten, lasaigarriak edo antzeko zerbait. Hala ere, azken unea arte jarraitu zuten tortura sesioekin».
Bala bat ukitu arazi
«Kolpeak, ariketa fisikoak eta mehatxuak etengabeak izan ziren. Bere neska-lagunarekin mehatxu egin zioten. Besteak beste, bala bat ukitu arazi zioten eta bala hori bere neska inplikatzeko erabiliko zutela adierazi zioten. Buruan zerbait beroa ematen ziotela nabaritu zuen. Orain azala joana du buruko zati batean. Ariketa fisikoak egin arazi zizkioten eta bost egunez ez zuen lorik egin, ezta jan ere».
Abokatuaren ezetza
«Aipagarria da oso honakoa: bigarren polizia deklarazioa egitean, non bere ofizioko abokatuak parte hartu zuen, ofizioko abokatu horrek uko egin zion polizia deklarazioa sinatzeari, ikusten zuelako bere bezeroa zein egoeretan zegoen. Adierazi zuen ez zuela sinatuko eta ez zegoela ados inkomunikazio aldiarekin».


